Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Juanra Madariaga

Pentsatu

Pentsatu

Egia esan ez dut ulertzen EAEko Auzitegi Nagusiak zelan esan dezakeen Euskal Herrian lan egiteko bideratzen den euskara-eskakizuna neurriz kanpokoa edota diskriminatzailea dela. Ez zait buruan kabitzen, benetan. Bertako magistratuek espainolen aldeko jukutria juridikoak egiten dituzten bitartean, euskararen normalizazioaren aurkako erasoa ere bultzatzen dute status politiko eta legala deuseztatuz, euskara diskriminatzailetzat hartuz.

Baina nekez endelega daiteke gure hizkuntza minorizatua bortxazko hegemonia duen beste hizkuntza baten aurrean diskriminatzaile izatera helduko denik, horretarako ez baitu berezko botere edo ahalmenik. Horrexegatik espainolengandik jasotzen dugunean topiko hori, maila berean derrigorrean egon behar direla bi hizkuntzak, erraz esan diezaiekegu gure egunerokoan geu garela diskriminatuak, gizarte-maila guztietan ezin baitugu euskara erabili.

Oraindik buruan dut ez dakit zein herritako udaltzainen kasu estonagarria. Bertan esaten zen udaltzain guztiek ez dutela euskara jakin behar, bikoteka doazenez, nahikoa litzatekeelako udaltzainetakoren batek euskara jakitea euskal jendeari arreta egin ahal izateko.

Gero eta lotsagarriagoak, surrealistagoak, nekagarriagoak eta astunagoak dira euskararen kontrako gorrotoa haizatzen duten ebazpen juridikoak. Behin irakurri nuen menderatua dela beti diskriminatzailea, eta egia da.

Gaurko egunetan horrelako kontraesan liluragarriak maiz ikusten ditugu. Espainiako politikan korruptoak eta lapurrak direnak biktima bilakatu dira. Antzinako faxismoa berpiztu omen da, eta gaur faxista izatea oso cool da. Politikoen artean, burmuin txikia duten pertsonek beren trebetasunak gehiegi estimatzen dituzte, adibidez PPkoek, eta beren gaitasunik ezak norberaren ezjakintasuna ezagutzeko kapazitatea ere mugatzen diete. Ezin gara hain toleranteak izan, izan ere, laster debekatuta egongo da pentsatzea, baboak ez mintzeko.

Charles Bukowski idazleak esan zuenez, “Munduaren arazoa da jende inteligentea zalantzaz beteta dagoela eta lerdoak konfiantzaz beteta”.