Perfumeak saltzeko garaia heldu zaigun honetan, Libre leloa irakurri dut marka oso famatu baten iragarkian. Emakumeentzako lurrina da saltzen dena eta horrekin batera ustez emakumeak ahaldundu nahi dituen mezu bat ere bai, aske izatera animatzen dituena. Azken urteetan badago tendentzia bat emakumeentzako produktuak ustezko askatasun eta feminismoaren aldeko mezuekin saltzen saiatzeko eta iruditzen zait eskizofreniko bihurtu nahi gaituztela emakumeak, izan ere, gure gorputzak hipersexualizatuz produktu bihurtu dituen sistema mediatiko eta komertzial berak esaten baitigu libre izan gaitezkeela, nahi dugun modukoak izan gaitezkeela mundu honetan.

Libre irakurtzen dut eta pentsatzen dut ze askatasun den eskaintzen digutena. Suposatzen dut perfume bat edo bestea erostea erabakitzekoa, zeren eta emakumeei egindako azken makroinkesta ezberdinen emaitzak ikusita, argi dago gizarte honetan asko direla indarkeriagatik euren askatasuna oso mugatua duten emakumeak, eta guztiok sentitzen dugu gure gain emakume izateko modu baten agindua. Orain agindu horrek mozorroa jartzen du, emakumeen ahalduntzearen aldeko mezuak erabiliz, baina agindua hor dago.

Perfumeak eta produktu kosmetikoak saltzen dituzten edozein dendetara sartzean, gauza batek eman dit atentzioa azken boladan. Bezero gehien-gehienak neska oso gazteak dira, nerabeak. Orain hamalau urterekin makillaje baseak erabiltzen dituzte, begietarako rimmelak, bekainetarako finkatzaileak, koloreteak...

Erosten dituzte euren gorputzak oso agerian uzten dituzten arropak… Eta suposatu behar dut hau dela nirea baino belaunaldi askeagoa. Eta alde batetik bada, gauza asko aldatu baitira gizarte honetan azken hamarkadetan berdintasunari dagokionez, zorionez, baina ikusten ditut guzti horiek erosten, euren buruak hain gazte sexualizatzen, eta perfumearen iragarkiaren leloa datorkit berriz burura. Libre. Zerk egiten gaitu libre? Erantzuna beti da deserosoagoa perfume baten lurrin gozoa baino.