Geureari eusten diogu maitasunez, eta ez gara bakarrik sentitzen. Hori baieztatu ahal izan dugu joan den asteburuan burutu den Durangoko Azokaren 60. urteurrenarekin. Bertan egon da euskaldun guztion plaza gozagarria, non gure kuriositate osoa ase egiten den erakusmahaietan jarrita izan diren 1000tik gora nobedaderekin. Mila, 999 gehi bat, edo bostehun gehi bostehun. Guztira, 694 liburu, 163 musika ekoizpen, 30 aldizkari eta ehunka fanzine, audioliburu, podcast… Zenbakiak sinestezinak dira. Beste zenbaki eder bat 60 izan da. Sei hamarkada hauetan borobildu baita euskaltzale sustatzaile askoren bultzadaz Durangoko Azoka, unerik larrienetan ere.

Maila, mota eta gaitasun askotako sortzaileak ditugu Euskal Herrian, eta horiek sortu eta sortu dihardute euskaraz. Horrexegatik pozgarria da ikustea zenbat titulu berri, zenbat liburu berri, zenbat diskoa berri, zenbat antzezpen berri, eta modu paraleloan zenbat hitzaldi, ekitaldi, jarduera osagarri, aurkezpen, elkarrizketa eta jolas burutzen diren egun horietan Durangon, euskaraz.

Milaka bisitari ibili dira egunero pasillo estu horietan, begia liburuei edota diskoei luzatzen saiatzen ziren bitartean. Eta lakio moduko bat sentitu dute literaturarekiko askok, siluetaren siluetan antzematen baitzen, dena zulo bera ez zen tokian. Haize begitik iragaten zen batzuetan, eta gu esne-berriketan ginen gure harrizko bihotza eta sakelako bihotzak desegiten ziren bitartean. Tartean, Aresti edo Mirande, herriminez, ezin-minez.

Bazter utzietan topatu ditugu gure euri beroak, eta eguna hasteko olerkiak hasi gara irakurtzen, baten batek Biba Gorriak! oihukatzen zuen bitartean. Guri odola kantari jarri zaigu. Egun horietako batean, gozamena hartu ostean kalera atera nintzen, Durangoko Azokatik kanpo geratzen den mundua bestelakoa baita, eta han, larrazkena denez, ez nituen enarak ikusi, barruan hegaldaka baitziren. Gauean, musika entzun nuen urrunetik, ... “zure txima luzetan, bizkarreko lumetan, eroaten nozu hegan, jada ez nago bakarrik”. Horixe, Durangon inor ez dago bakarrik.