Badirudi AEBk hilaren 2an Venezuelan egindako erasoaldi militarrarekin, lehen orduetako espekulazioen eta adierazpen handizkatuen zurrunbiloa aparte, mundua gelditu egin dela Donald Trumpen burutazioek markatzen duten erritmoan biratuz. Izkutatuak baina haren ondoan, zenbait buru pentsalarik erabakien hariak mugitzen ditu, administrazio honen interes ahaltsuak burdinazko eskuaz bideratuz.
Zein izango den orain hainbeste miliodun mediatikoren jokua, zeinetatik Trump-presidentetzako lehenengo egunetan inguraturik baitzen? Auskalo, ze Musk izan ezik -ahal zuen zarata egiten azkar ospa egin zena- gainerakoak isil-isilean desagertzen joan izan ari diren… Tira, Donald Trump zirkuluaren koadraturaren ebidentzia bakarra izaten jarraitzen da, iniziatiba duen ezjakina, dirutan itota eta boterez gainezka, haren nartzisismo eta egolatrian apoltronaturik, mugarik gabe baina helburu nabarmenekin. Adi egon behar dugu, dena etortzeke dago eta bera azeleragailua kementsu estutzeko prest. Nolanahi ere, “post-Maduro” Venezuelari buruzko edozein balorazio alde batera utziko dut orain, dirudienez isilarazi nahi duena dagokionari azpimarratzeko. Hala nola 2 milioi palestinar linbo hilgarri, zigorgabe eta onartezin batean jarraitzen direla, bake-prozesu inhumano eta faltsu batean: bi hilabete eskasetan, ehunka zibil erail eta milaka zauritu dituela Israelgo armadak, hotzari, zori gaiztoari ta nazioarteko axolagabekeriari uzten diete gainerakoa. Normaltzat Zisjordaniako kolonizazio neurrigabe eta ilegala jotzen duen ezaxolakeria bera... Noiz arte? Irango emakumeen kasua ere, izugarrizko errepresioaren erdian guztion askatasunaren aldeko borrokalariak… Noiz arte? Gure artean ere, indarkeria matxistaren aurkako aldarria moteldu da, terrorismo hutsa dena estatistika bihurtuz: 46 emakume erailak 2025ean eta aurten, baieztatzeke gehiago egon ezean, dagoeneko 2 dira, hau ezintasuna... Noiz arte?
Eta bitartean, PPk eta PSOEk, berdin dio bata edo bestea, haien ohiko martxan, elkar berrelikatuz... Noiz arte?