Gaur egun Hitlerren edo Mussoliniren irudiak ikusten ditugunean oraindik galdetzen diegu gure buruei, askok behintzat, nola izan zen posible gizon horiek jende andana erakartzea, zeren euren itxura, janzkera (besapeetara ia-ia iristen diren praka horiek, opereta uniformeak), keinuak eta hitz egiteko moduak (burutik jota daudela ematen du askotan, edo bihotzeko baten atarian) erridikuluak iruditzen baitzaizkigu gure ikuspuntu estetikotik (zuri-beltzean ikusten ditugu gainera). Egia esan, karikatura barregarriak egiten zizkieten orduan, orain Trumpi egiten dizkioten bezala.

Ez da zorakeria pentsatzea berrogei urte barru Trumpen irudiak (orrazkera, laranja koloreko larruazala, gorbata luzeegiak) ikustean gure ondorengoek gauza bera esango dutela: nola izan zen posible gizon horrena, zer zuen buruan garai hartako jendeak? Halere, Hitler eta Mussolini izan, izan ziren, eta milaka liburu ditugu nazismoaz eta faxismoaz, ez euren itxuraz bakarrik (barkatu nire fribolitatea): eta, era berean, milaka liburu ditugu, eta izango ditugu, trumpismoa aztertzeko (ulertzeko?).

Itxurak itxura eta modak moda, Hitlerrek enpresaburu alemaniarrak bildu, aginduak eman, eta aberats guztiek aho batez “bai, jauna” esan zioten nazien buruari, Trumpek petrolioaren nagusiekin egin duen bezala. Gure artean Repsoleko Josu Jon Imazena izan da sonatuena, haren bai-jauna izan baita bai-jauna guztien artean bai-jaunena (Gulf of America eta guzti erabili zuen, estatubatuarren artean Gulf esatearekin nahikoa den arren), ahaltsuaren aurrean makurtzea komenigarria baita sosak ziurtatzeko. Exxonekoak zailtasunak jarri zizkion Trumpi eta erantzuna berehalakoa izan da: jolasean badaude, negoziotik kanpo geldituko dira. Dirua egin nahi duenak Trumpen aurrean belauniko jarri behar da (bide batez, non dago merkatu librea eta hori guztia?).

Negoziorik ez, baina soil-soilik bake apur bat nahi duenak ere belaunak erabili beharko ditu, antza, baina ez dut uste epe motzera jarrera hori nahikoa izango zaion Trump enperadoreari: belauniko jartzearena gutxienekoa irudituko zaio laster.