María Corina Machado ez da Nobel Sariaren domina oparitu duen lehendabizikoa, ezagutzen dudan aurrekari bat badago, behintzat, baina ez zen Bakearen Nobela izan, Literaturarena baizik (bakearen nobelak ez badira fidatzekoak, pentsatu nolakoak diren literaturarenak). 1943an Knut Hamsun norvegiarrak (1859-1952), zeinak 1920an jaso baitzuen saria, Joseph Goebbels-i bidali zion domina opari moduan; esaten da Hamsunek Hitler ezagutu nahi zuela (askotan laudatu zuen nazismoa eta nazismoaren burua, artikulu nekrologikoa eta guzti idatzi zion), beharbada Norvegian alemaniarrek zuten administrazioaz kexatzeko, ez dago argi. Orain ez dakigu non dabilen domina hori, eta Hamsunen ospe literarioa izoztuta gelditu zen. Egia esan, beste saridun batzuek ere oparitu dute ditxosozko domina, erakunde edo museoei gehienbat, baina jakin berri dut 1988an Fisikarena jaso zuen Leo Lederman-ek berea saldu zuela gastu medikuak ordaindu ahal izateko (Estatu Batuetan, bai).

Knut Hamsunen aurrekariak gehiago ilundu eta itsutzen du, hori posible bada, Machado andrearen jarrera, ez baitut uste inork Trump erakunde edo museotzat har dezakeenik. Corina Machado ongietorri berezirik gabe sartu zen Etxe Zurira, domina, Trumpi gorazarrea egiten dioten esaldi hanpatuz inguratuta, marko handi urreztatu baten barruan, nagusiari ematera. Sartu bezala atera zen, zeremoniarik gabe, Trumpek ordainean-edo oparitu zion poltsa gorri handi batekin, agerian Donald Trump izen urreztatua marka gisa. Esaten dute Trump produktuz beteta zegoela poltsa: argazki bat zalantzarik gabe, lurrinak?, MAGA elastikoa eta kasketa?, Venezuelako mapa bat?, gauzaki urreztatuak zalantzarik gabe.

Azken oharra: Trumpek Norvegiako gobernuari bidali berri dio gutuna esateko, Bakearen Nobel Saria eman ez diotenez, bakea ez dagoela orain haren lehentasunen artean, eta Estatu Batuen segurtasunagatik Groenlandia nahi duela. Ez al daki Trumpek urtero ematen dutela saria? Pasatu al zaio burutik ez dela hurrengo sarietara bizirik iritsiko? Corinaren oparia, jakina, ez da nahikoa.