Aste hau modu dramatikoan hasi da. Kordobako Adamuz herritik gertu, bi trenek kolisioa eduki eta ondorioa tragikoa izan da. Datuen arabera, berrogeitik gorako hildako izan dira. Horrelako istripu larriak gertatzen direnean, eta familien tristura eta mina hedatzen denean, dolua orokorra izaten da. Laguntza, elkartasuna, errespetua eta gertutasuna eskaini behar dira zabaltasun osoz.
Ez da inondik inora une egokia errudunak zeintzuk diren informazio definitiborik gabe haizatzeko, edota arerio politikoei, modu zikinean, gertaturikoa leporatzeko. Horixe egiten duen alderdi politikoa fundamenturik gabekoa da, infernuko demonio guztiak baino gaiztoagoa, ahoustela, eskasa, eskuzikina, nahaslaria, barrengaiztoa, gezurteroa eta urdea bezain faltsua da. Denok daukagu buruan beste adjektibo gloriosoren bat faxistez beterik dauden alderdi horiek izendatzeko. Espainiako Garraio ministroak bere txundidura adierazi du, ez baitu ulertzen nola gertatu ahal izan den tamainako istripua.
Trenbidea zuzena zen, ez zegoen –aurreko istripu batean gertatu zen bezala– bihurgune problematikorik, derrigorrezko ikuskatzeak eta berrikuntzak bermaturik zeuden, trenak ere nahiko berriak ziren, hartu beharreko neurri guztiak hartuta zeuden, eta bi trenak agindutako abiaduran ari ziren bidaiatzen. Horrexegatik, adituak, inspektoreak, ingeniariak, eta abian jarri den ikerketa batzordeko kideak harriturik agertu dira.
Baina atera dira etekinaren bila erantzun guztiak dituzten betiko hiena sasijakintsuak, lau haizetara deklamatzen, jabe diren sasi-inteligentziatik mintzatzen, benetako arrazoiak zeintzuk diren azalduz. Horiek oldarkortasuna erabiltzen dute talentuarekin nahasiz. Substantziarik gabeko buruarekin zaunka egiten dute, zarata, mehatxatu egiten dute, ez dakitelako argudiatzen.
Ez dute konbentzitzen, ez dute inolako distirarik egiten, eta politikako bufoi faltsuak baino ez dira. Bertrand Russell filosofo eta idazleak esan zuenez, “Gizadiaren arazoa da lerdoak seguru daudela guztiaz eta inteligenteak zalantzaz beteta”.