Neguaren hotzak estutu egiten gaituenean tradizioari men egiten diogu, ea udaberria laster ailegatzen den. Aste honetan ekandu ederreko egunak ditugu, eta sasoi honetakoak dira Kandelario, San Blas eta Santa Ageda. Gero, aratusteak etorriko dira.
Astelehenean izan zen Kandelario eguna, kandelak eta argizagiak bedeinkatzeko eguna. Horiek gero gorde egiten dira eta, esaten denez, ekaitz egunetan piztu egiten dira etxeko guztiak babespean egon daitezen. Etxekoren bat ere hiltzen zenean isiotu egiten ziren. Errefrau eder asko ditugu egun horretaz mintzatzeko: Kandelarioz euria, laster da udabarria; Kandelarioz aterri, negua dator atzetik, edo Kandelario bero, negua dogu bero, Kandelario hotz negua joan da motz.
Horren ostean San Blas eguna dator. Abadiñon izaten da festa handia, ganaduaren erakustaldiekin, eta baserriko produktuen salmentarekin. Talo jana ere ez da falta. Eliza mukuru egoten da egun horretan, San Blas santuari bisitan etortzen direnekin, lepoko soka koloretsuak bedeinkatzeko asmoz, gero, lepo bueltan lotzeko. San Blas, bedeinkatutako haria saman ipini eta, eztulak blast! Badakizue, eztarriko minik ez izateko sokatxoa bederatzi egunean eraman behar da samari lotuta.
Eta gaur, hilak 5, Santa Ageda eguna ospatu egiten da. Santa Ageda bezperan ohitura handia dago Euskal Herriko herrietako kaleetan Santari kantuka ibiltzeko. Tradizio handiko ekimena da, zorionez, gure ikastoletan biziki errotu dena, eta horrexegatik oso arrunta da umeek eta gazteek osaturiko koruak kaletik ikustea besteon poztasunerako. Betiko usadio horiek atxiki behar dira, eta iraunarazi.
Aste honetan ospatu den beste efemeride berezi bat (atzo) Zonbien Harrotasun Eguna izan da. Egun horretako frikiek hildako bizidunak eta horiek herri-kulturan duten eragina ospatzen dituzte, liburuetan, komikietan eta filmetan gai klasiko bilakatu baitira zonbiak.
Niri zonbi hitzak gaur egungo ultraeskuinean kokatzen diren politikari askoren eboluzio gruteskoa ekartzen dit burura, izan ere, burutu nahi dituzten politikak beldurgarriak dira.