Nazionalismoa bidaiatuz sendatzen da’ esaldi errepikorra da, ergelkeria handia ere. Nazionalismoa gaixotasun motaren bat al da? Ba ez, beste nazionalista amorratu eta auto-ukatzaile batzuk topikoa erabiltzen duten izanez, bereziki abertzale euskaldunak eta katalanak erasotzeko asmoz. Michael Billig politologoak “errutinazko nazionalismo” deitzen diona da, eztabaidatzeko aukera ugari zabaltzen duena. Baina gaur beste ñabardura bat nabarmendu nahi dut, kasu askotan hipokrisiaz usteldutako nazionalismo espainiar zaharkitua argi islatzen duena.

Bada, azken egunotan, Valentziako Erkidegoan, Alderdi Popularraren feudoa hain zuzen, Valentzia hiriburuan, Castellonen eta bertako geografia osoko hiri eta herrietan, eremu publikotik bertako zein kanpoko herritarrei heliarazten zaien informazio ororen hizkuntza bakarra valentziera dela egiaztatzeko aukera izan dut. Zera, udalerrien izendapenean, kale eta plazeen nomenklaturan, laguntzak eskatzeko epeak edo mota guztietako ekitaldiak jakinarazteko udalaren beraren iragarkietan, errepideen, autobien eta bide-komunikabideen seinaleetan eta ere publizitate-hesietan, salbuespen gutxi batzuk izan ezik. Ezta elebitan ere, valentzieraz bakarrik, espainiera, naturaltasun osoz, ez da agertzen. Eragozpenik ez, valentziarrek jakingo dute.

Euskararen aurkako PPren buruzagien jarrera oldarkorraz guk geuk dakigun bezala, soilik Euskadi gure aberria delako, euskaldunak garelako... Horra hor Ayuso anderea Presidenteen Konferentziatik alde eginez Pradales Lehendakariak euskaraz hitz egiten zuenean, berriro bertara itzultzeko Xuntako presidenteari arreta emateko galizieraz hitz eginez. Eta ezinezkoa da Mayor Oreja ez gogoraraztea “euskara da hiltzen duen hizkuntza bakarra” aldarrikatuz garai batean.

Zer nolako pentsamendu politikok, identitario edo ez, errutinazkoa edo ez, behar du egindako irainak eta nahitazko gezurrak indarra hartzeko edo etekin politikoa lortzeko? Ez, nazionalismoak ez du sendabiderik behar, bai hipokrisiak eta fanatismoak. Jakina.