Egunero hartzen ditugu erabakiak. Egunero erantzuten diogu norbaiti edo geure buruari hau bai, hau ez; aurrera honekin, gelditu hau… Eta geure buruan beti galdera bera: erabaki zuzena hartzen ari naiz? Zaila da jakiten, are gehiago, ezinezkoa da gehienetan. Horregatik askotan hobe izaten da erabakia zuzena izan den ala ez erabakitzen burua hautsi beharrean, hartutako bide hori zuzena dela erabakitzea. Ellen Langer, Harvardeko psikologia irakaslearen hitzak dira: “Rather than waste your time being stressed over making the right decision, make the decision right”. Hau da, bihurtu ezazu zuzena hartu duzun erabakia.
Azken batean, behin bide bat hartuta, alferrik da denbora galtzea beste bidea agian hobea zela pentsatuz. Horrela eginez gero, ez diogu aukeratutako bideari benetan zuzena izateko aukera handirik ematen. Egiten duzun horretan sinestea da, beste hitz batzuetan esanda, Harvardeko irakaslearen gomendioa. Eta sinisten ez duzula sentituz gero eta aldatzeko aukera izanez gero, aldatu. Baina, aurrera bazoaz, ez egin utzitako aukera hobea zela pentsatuz.
Langerren esaldiak zerbait deserosoa gogorarazten digu: erabaki baten zuzentasuna edo arrakasta ez da finkatzen erabakia hartzen dugun unean, baizik eta gero harekin egiten dugun horretan. Ez dago aukera perfektu baten bermerik lehen une horretan, baina aukera inperfektu bat aukera baliotsu bihurtzeko aukera egon badago. Hau da, erabaki “zuzena” ez da abiapuntua, prozesua baizik. Beraz, etorkizuna asmatzen saiatu beharrean, etorkizuna eraikitzen hasi gaitezke. Ideia honek, boterea itzultzen digun heinean, badu indar iraultzaile eta eraldatzaile bat: Ez gara gure erabakien biktima, ondorioen artisauak baizik. Eta bertigoa ematen badu ere, gure gain jartzen duen ardura eta erantzukizunagatik, hori pentsatzeak ahaldundu egiten gaitu. Geure bizitzaren protagonista bihurtzen gaitu.