Jose Ramon Soroiz-ek (Legorreta, 1951) irabazi du gizonezko aktore onenari Goya saria “Maspalomas” filman egindako lanagatik. Gustukoenen artean zegoen eta aukera guztiak zituen irabazteko. Airean bazegoen halako galdera maltzur bat, buru handia jasotzera joan behar izanez gero, zer esango ote zuen. “Eskerrik asko” urduri bat eta alde egingo zuen, edota zerbait esatera geldituko ote zen.
Jakinmina eta beldurra justifikatuta zeuden. Izan ere, aktoreak behin baino gehiagotan esana zuen egoera pixka bat gehiegizkoa egiten ari zitzaiola, bera ez zela fenomeno bat, berak bere herrian bere lagunekin lehen bezala izaten jarraitu nahi zuela…
Baina gutunazal handitik bere izena atera zutenean, Jose Ramonek oholtzara igo behar izan zuen. Jaso zuen saria Soroizek, begiratu zion buru handiari eta esan zion: “kontxo, hi al haiz?”. Esanez bezala, zu zara mundu guztiak ezagutu nahi duen hori?
Euskaraz aritu zen Soroiz, tarteko hitzak kenduta. Filmaren zuzendarientzako izan zituen lehenbiziko hitzak “lortu dihagu” esanez; mundu honetako Bixente guztiak izan zituen gogoan, txalo zaparrada erauntsi zuelarik eta, etxekoez gain, berak Goya saria irabazi izanaz pozten ziren guztientzako ere esker oneko hitzak izan zituen.
Irabazle guztiek, beren ibilbidean lagundu dietenen izenak zerrendatu zituzten. Eskerrak honi eta eskerrak besteari. Irabazle guztiek, beren bizitzako egunik garrantzitsuenetakoa zela aipatzen zuten. Urduritasunaren urduritasunez, emozioaren emozioz, batzuei, ahotsa ere dardaratu egiten zitzaien.
Soroizi, ordea, ez zirudien ez gauak, ez sariak, bizitza aldatuko ziotenik. Soroizek, berak Goya saria irabazi izanaz poztu zirenentzako hitz egin zuen. Gaur eta bihar ere, herrian berarekin izango direnentzat. “Hi al haiz?” horrekin, handitasuna kendu zion aktoreak sariak sinbolizatzen duen bikaintasunari. Eskuragaitza dela erakutsi zuen, baina ez dela horrenbesterako. Garrantzitsua, benetan, bere paperak ikustarazi duena izan baita. Eta, orain arte bezala, lagunekin eguneroko bizitza egiten jarraitu ahal izatea.