Egunkarian irakurri dut Banksy artistaren nortasuna argitu omen dela, eta hasiera batean jakinmina piztu dit, nor ote den jakiteko nahi bizia, baina, horrekin batera, desengainua sentitzeko beldur moduko bat sentitu dut. Ez dakit benetan nor den jakin nahi dudan, misterioak haren irudiari ematen dion indarra galduko den beldurrez. Irudimenerako espazio emankorra baita misterioa.

Banksyren obraren ezaugarri funtsezkoa da haren anonimotasuna. Nor den ez jakiteak zer egiten duen atentzio handiagoz begiratzera behartzen gaitu, eztabaidatzeko aukera ematen digu. Kasu honetan, misterioak artea anplifikatzen du eta ziurtasunek murriztu egiten dute haren bidea.

Eta hau ez da Banksyrekin bakarrik gertatzen. Bizitzako alor guztietan gertatzen da. Harreman bat edo emozio bat disekzionatzen dugunean, den-dena jakin nahi dugunean, magia galtzeko arriskua dago. Harremanetan bereziki misterioari tarte bat eman behar zaiola iruditzen zait. Ez naiz ari sekretu ilunez edo ezkutaketa gaiztoez, pertsona bakoitzak bere baitarako gordetzen duen espazio intimo horretaz baizik. Inor sartzen ez den txoko horretaz ari naiz. Norberarentzako gorde beharreko zerbait bezala ikusten dut. Misteriorik gabe sukalde bateko fluoreszentearen azpian bezala agertzen gara besteen aurrean, mahai-zapiaren gaineko ogi apurrak agerian. Zeharkako argiek beti egiten gaituzte erakargarriago.

Zerbaiten atzean nor dagoen jakitea interesgarria izan daiteke, baina jokoaren amaiera ere suposatu dezake. Horregatik, Bansky nor den argitu dela irakurri dudanean zerbait galdu dugula sentitu dut, misterioaren indarra desegin balitz bezala.

Dena jakin nahi izaten dugu, baina askotan ez da onerako. Zalantzarekin bizitzen ikasi beharko genuke. Denak ez du azalpen bat behar. Gauza batzuk erakargarri dira hain zuzen ere ezin ditugulako inoiz harrapatu. Ezin dugulako esan ziurtasunez zergatik gustatzen zaizkigun hainbeste.