Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Ana Urkiza

Eta La Salle?

Eta La Salle?Iker Azurmendi

Ez da erraza, miretsi izan duzun pertsona bat, goizetik gauera, gaizkilea dela onartzea. Ez da erraza, zuk ikusi ez duzuna gertatu dela sinestea. Ez da erraza, zu ezagutzaz jantzi zaituen eta bizitzako balioez hitz egin dizun pertsona, sexu-abusatzailea izan dela onestea. Ez da erraza, pertsona hori hil ondoren, bereak ziren hutsegiteez eta berak eragindako minaz nork erantzun behar duen jakitea.

Patxi Ezkiaga salletarren kongregaziokoa zen. Baina salletarrak dira, baita ere, La Salle ikastetxetik pasatu diren ikasle guztiak, irakasleak, ikasleen gurasoak, eta sexu-abusuen biktimak. Hau da, komunitate oso batek osatzen du La Salle. Ikastetxekoak izan zirenek eta direnek. Ez bakarrik kongregazio erlijiosoko kideek.

Horregatik behar du La Sallek barkamen kolektiboa eskatu, komunitate osoa barrutik sendatu dadin. Komunitateko kideek, etorkizunean ere, komunitateko kide izaten jarrai dezaten. Oker egindakoa gaitzetsi eta on bideratzeko. Biktimei, barkamena, komunitatearen aurrean eskatzeko.

Komunitatea ez da indartu behar gauzak ondo doazenean bakarrik. Horietako egun asko izan ditu La Sallek, bai maila akademikoan, ludiko-sozialean, zein kirolean. La Salle erreferentziazko ikastetxea da. Balio indartsuetan hezi duen komunitate bat ereiten jakin duen puntaren puntako ikastetxea.

Baina egun guztiak ez dira loriazkoak. Oraingoa bezala. Gaizki egindakoak salatu beharrekoak ere badira. Eta horietan, komunitateko parte garen aldetik eskatu behar da, elkar babesten eta mina erreparatzen jakin dezagula. Sinistu dugun komunitate bateko kide garelako, biktimekin gaudela adierazi behar dela, eta aurrerantzean ere elkarri begietara begiratzeko indarra emango digun une bat bizitzeko aukera behar dugula.

Jainkoa ona da. Hala esaten entzun ditugu salletarrak, maiz. Jainkoak barkatzeko ahalmen handia duela, alegia. Jainkoak, ordea, bekatariak absolbitzen ditu. Baina ez biktimak.

Horrexegatik behar dute biktimek ikastetxearen aitortza. Salletarren komunitate osoak behar du ikastetxearen aitortza komunitarioa. Denok garelako La Salle. Eta izanak egiten duelako izena.