Behingoz ados Hegoaldeko “gure” prentsarekin. Mugarri bat da Alain Iriart EH Baiko kidea Iparraldeko Euskal Elkargoko lehendakari hautatu izana. Oroitarazi beharko da: duela soil-soilik 30 urte abertzaletasuna bazterreko indarra zen Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan.
Relacionadas
Hutsaren pareko presentzia zuen erakundeetan eta ordezkaritza ganbaretan. Herritarren gehiengoak gaizki ikusia zen, muturreko jarrerekin eta bortizkeriarekin lotua. Aldiz, gaur egundiputatu bat du Parisen, Frantziako parlamentuan, bi ordezkari Pauen, Pirinio Atlantikoetako departamentuko kontseiluan, eta alkate andana Iparraldeko herrietan, bertzeak bertze Uztaritzen, Kanbon, Donapaleun, Baigorrin edo Donibane Garazin.
Hiru hamarkada hauetan abertzaletasunak jakin du bere agenda gizarteratzen, bertze alderdiak bere ekimenekin kutsatzeraino. Ideien laborategia bilakatu da, etxe zaharrean aire garbia sarrarazteko leiho irekia, eraldaketarako motorra. Hartara, inork ondoan nahi ez zuen laguna izatetik konpainia errespetagarria izatera iragan da, erokerien aldarrikatzailea gabe, proposamen zentzuzkoen egilea.
Iparraldean, gaur egun, abertzaleak mintzatu eta abertzaleak ez direnek entzun egiten dute, baita zenbaitetan bat egin ere, hala identitateaz, nola hirigintzaz, laborantzaz, ekonomiaz edo lurralde antolamenduaz.Horrela ikusi dugu Jean Rene Etxegarai eskuindar frantsesa, Euskal Elkargoko orain arteko lehendakaria, Korrikan lekukoa eramaten edo ETAren arma-uztean parte hartzen.Bidasoko alde honetanamesten ez diren gauzak ikusten ahal baitira bertzean. Jeltzaleak ezker abertzaleko hautagaiaren aldeko botoa eskatzen, konparaziorako. Hegoaldetar gehiago-usteen oharkabean, gauzak aldatzen ari dira Iparraldean. Mantso doaz, baina badoaz.