Ez dira fidatzekoak. Gezurra izaten dute beti prest mihiaren puntan. Faltsuak dira beren interesen kontrako jarrera bati aurre egin behar badie. Gaur iritzia botako dute eta bihar kontrako norabidea hartuko dute egokiago baderitzote. Hortaz, haizea nora, zapiak hara.
Horien ordezkari nagusia Trump dugu, izokin koloreko azala duen sasi-presidente hori. Berak ekialdean sorturiko liskarra kontu arina izango zela adierazi zuen. Aste dezente pasa dira Iranen kontrako gerra hasi zenetik eta oraindik ez daki zer egin. Mehatxuka dabil harat-honat, bere kapritxozko erasoa babestu ez duten guztien kontra. Ormuzko itsasartean ere eskua sartu nahi izan du paralisi ekonomiko globala sorraraz dadin, eta ustez, herrialde askok babesa eska diezaioten.
Larderiaz ari da Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentea, mesfidantza borobila sortzen duena, gaur egun inolako sinesgarritasuna ez daukana. Elkarrizketetan omen dira bi aldeak baina bitartean Israel estatu genozidak bere horretan segitzen du lehergailuak edonon jaurtikitzen. Baina gero eta jarraitzaile gutxiago dute bi herrialdeek. Horiek zertarainoko eroak diren ez dago esaterik!
Bada, eskuindarrak diren guztiak azal berekoak dira. Adimenik gabeko amorruaren harropuzkeriaz aritzen dira eta liskarretan agresibitatea talentuarekin nahasten dute. Errespetu falta izugarriak egiten dituzte, eta azken froga Espainiako kongresuan izan da egun hauetan. Bertan hiru letra dituen alderdi ultraeskuindarraren ordezkari bat kanporatu behar izan zuten presidentearen mahaira zaunkaka hurbildu ostean. Otsail famatu hartako estatu kolpean antzeko zerbait gertatu zen.
Hedatzen duten berbontzikeriak ez du substantziarik, testosterona merkeaz baliatzen dira ustezko berba arranditsuak botatzeko, jarrera oldarkorrak erakusteko, zarata ateratzeko, eta guztiei txu egiteko. Ez dute karismarik eta ez dute konbentzitzen, ideologia zaharkituaren bufoiak baitira.
Espainiako kongresuan agiturikoak ezin da onartu. Ea orain, sasi-diputatu faxistek traba gehiago duten demokraziaren esparru politikoan parte hartzeko. l