Asteko gaurkotasun politikoaren komodina izan da, aberriareriko trending-topping, espainiarra jakina. Ez da solasaldirik, iritzi-mahairik, legebiltzarreko eztabaidarik edo komunikabiderik egon ‘lehentasun nazionala’ deitzen dioten horri ezohiko eta arreta eman ez dionik. Burutazioa, aldarrikapen politikoa, kanpaina-slogan, probokazio hutsa? Gauza seguru bakarra da inongo berritasun bat ez dela: Fronte Nazional frantsesak laurogeiko hamarkadan egindako maniobraren erreplika argia da, eta ez da ezertan ere bereizten Trump-en American First!-etik.

Beraz, estatubatuetar hauteskundeetan lortutako emaitza onak ikusita, ez da harritzekoa VOXen patriotak arrakasta-bandera berberan biltzea, gorri-hori kasu honetan: lehenik espainiarrak, beti, edonon, edozertarako. Eta gainerakoei, egurre! Zera, finago esanda, PPrekin sinatutako itunen “lehentasun nazionala” famatua. Horri dagokionez, Abascaltarrek zeozer baieztatzea eta popularrek juxtu kontrakoa, elkarri ihardestea, kontraesatea, eta haien arteko tirabira hain nabarmena izan ez dadin ahotsa ez altxatzea, bakoitzaren komenentzia edo taktika propioen zerbitzura anekdota hutsa da.

Testuinguru honetan, VOX da lasterketa-buru, Genovako PP, Feijóo bera, ultraeskuineko lurralde ideologiko eta politikoan barneratu dagoelako, nabarmen, boterea lortzeko formula posible bakar gisa. Berak ezetz esango du baina kontua da, oraingoan, Feijóok bere egin duela ultraeskuinaren beste intsignia-ontzietako bat: etorkinen kriminalizazioa, hau da, lehen gaizkileak zirenak orain zerbitzu publikoen bizkarroiak dira ere.

Bada, eta berriro ukatzen badu ere, 2027ko hauteskundeetara begira duen proiekzioaren ahultasuna erakusten du horrekin, izan ere, bere irudia, aireratu beharrean, lausotzen da. Laburbilduz, neurria hartu dio Abascalek eta honek ez dio estutzeari utziko. VOX-ren jokorantz beharturik herrestan doala diote arren, Feijóok egiten ari dena bere burua saltzea da, Moncloara, arrastaka bada ere, eraman dezaketen botoen truke. Sinpleki. Espainia gaixoa.