Estatu Batuetan heriotza-zigorra gauzatzeko fusilamendua berrezarri nahi zutela irakurtzen ari nintzenean, burua bueltaka, alde batetik Estatu Batuek, eta munduak oro har, atzera bidean hartu duten abiadura gero eta handiagoa dela iruditu zitzaidalako, bestetik, ikusita injekzio hilgarriekin izan dituzten arazoak (hil behar dutena luzaro dago sufritzen), fusilamenduarena ez litzateke agian izugarriena izango gogoan hartu nuelako, eta azkenik, eta apur bat morboso jarrita, pentsamenduetan trabatu zitzaidalako zer aukeratuko nukeen nik nire buruarentzat (inoiz ez da jakiten noiz), ondoan edo goiko aldean edo behekoan ikusi nuen Trumpen kontrako erasoa izan zela Washingtonen berriemaileen afari ospetsu horretan.

Hasieran ez nion albisteari kasurik egin, albiste baino gehiago gezur, fake, meme edo ergelkeria, besterik gabe, iritzi niolako kontuari, harik eta bikotekideak beste gelatik oihukatu zidan arte: “Trump tirokatu dute!”. Sinesgogortasunez jantzirik oraindik, bueltatu nintzen iturrietara, eta orain ez naizenez ezertaz fio, iturri askotara joan nintzen ur freskoa edatera. Halere, denbora behar izan nuen sinesten hasteko eta oraindik ez dut erabaki atentatua benetakoa izan zen edo Trumpek asmatutako azken showa, mentalista eta guzti.

Pentsatuko duzue beharbada konspiranoiko bihurtu naizela, baina esango nizueke, nire burua zuritze aldera eta oso serio, errua ez dela nirea, Trumpena baizik. Azken buruan, zer da egia eta zer da gezurra Trumpen (eta ingurukoen) mutur luzeetan, goizean beltz, arratsaldean zuri eta gauean gorri esaten badu?

Egia izan edo ez, Trumpek ondo profitatuko du atentatua. Maltzurrak demokratak dira edo kazetariak. Elkarrizketa egin dion batek atentatu-egilearen manifestuaren pasarte bat irakurri dio (bortxatzaile, pedofilo eta traidore bezala definitzen du bertan Trump), eta irainka hasi da kazetariaren aurka hori irakurtzeagatik. Ezin aukera paregabeagorik munduaren aurrean biktima agertzeko.