Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Rikardo Arregi

Alfer

AlferArchivo

Oharkabean pasatu da Gasteizko apezpiku katolikoak sortu zuen polemika San Prudentzio egunean. Egia esan, nik ere berandu eta lagun batek kontatutakoari esker izan dut eskandalutxoaren berri gerora. Badirudi Arabako patroiaren egunean Armentian emandako meza, esan dezagun, ofizialean, hiriaren eta lurraldearen agintarien aurrean Elizalde apezpikua (Espainiako gobernuari) oldartu zitzaiola erasokor: gobernua konfesionala (sic) dela bizitzaren hasiera eta bukaera zedarritzen dituelako, familiaren eta sexualitatearen esanahia aldatu nahi duelako fede ideologikoa (sic eta sic) iparrorratz, eta ekonomia librea (sic handi bat) eta hedabideak kontrolatu nahi dituelako (COPE, Radio María?). Badirudi elizan zeuden batzuk atera zirela xelebrekeria horiek entzutean, eta bai Gasteizko alkate sozialista Miren Etxeberriak zein diputatu nagusi jeltzale Ramiro Gonzalezek harridura adierazi dute, haserreago alkateak eta ulerberagoa diputatu nagusiak adierazpen askatasunaren izenean.

Zergatik ditugun santu-santak eta Andre Mariak patroi beste kontu bat izango litzateke, ez munta txikikoa, eta zergatik nahasten diren agintari politikoak agintari katolikoekin beste bat. Kultura, tradizioak eta ohiturak, ados, eta eliza katolikoak gurean duen beste pribilegio bat, argi dago. Pribilegio horretaz benetan jabetuko balira, apezpikuek-eta beste zerbaitetarako erabil zitzaketen horrelako egunak, jendea elizatik uxatuko ez luketen senidetasun edo elkartasunezko hitzak erabiliz, adibidez, zer dakit nik.

Egia esan, ez dakit ezer eliza katoliko erromakoaren egoeraz Gasteizen eta Araban, baina San Prudentzio egunekoa gertatu eta gero zenbait arazo agertu dira hedabideetan: berrogeita hamabi apaizek gutun batean botere-abusua eta gaitasun-falta leporatu zizkioten apezpikuari. Apezpikuak, berriz, alfer deitu die apaizei irrati batean (ikerketa egin dut nire ezjakintasuna leuntzeko). Alfer. Harritu nau hitzak. Zer esan nahi du horrekin, ez dutela berak nahi duena egiten?

Indar gehiegi ari naiz xahutzen kontu honekin, ni ere alfer samarra naiz.