Hileta batean hildakoa da hil dela ez dakien pertsona bakarra. Edo hala uste dugu behintzat. Ba gauza bera gertatzen da ergelekin. Jeneralean aretoan dauden guztiek dakite pertsona bat ergela dela berak izan ezik. Eta berdin lotsagabeekin, harroekin, nartzisista edo egozentrikoekin. Denok dakigu zelakoak diren eta askotan auzo lotsa sentitzen dugu beraiek baino gehiago dakien norbaiti gauzak nolakoak diren esplikatzen ikusten ditugunean, adibidez. Baina ez diogu ezer esaten, den bezalakoa izatearekin desgrazia nahikoa duela pentsatuta edo. Baina, aldi berean, zenbat jende dagoen argi berezi bat duena, egia islatzen duena egiten duen gauza bakoitzarekin, jende ona eta bikaina, eta jabetzen ez dena bere bertuteez. Halakoa dela sinisten ez duena, edo sekula pentsatu ez duena.

Ez da beti erraza jakiten benetan nolakoak garen eta kanpotik nola ikusten gaituzten. Orokorrean geure buruaz dugun irudiaren arabera ikusten gaituztela uste dugu, baina beti ez dator bat geure burua ikusteko modua eta besteengan sortzen dugun iruditeria. Ez dugu ezagutzen beste pertsona batzuengan eragiten duguna zerbait esan edo egiten dugunean, edo esaten edo egiten ez dugunean. Agian uste baino ergelagoak gara, edo geure buruari aitortzen dizkiogunak baino bertute gehiago ditugu, edo uste baino nartzisista eta egoistagoak gara.

Ondo dago noizbehinka honi buruz pixka bat pentsatzea. Noizean behin gure hitzak, gure keinuak eta gure jarrerak berrikustea. Agian beste guztiek dakiten zerbait dago gugan, guk ez dakizuna. Agian uste baino gehiago balio dugu, edo gutxiago. Agian lotsagatik edo autoestimu txikiagatik gorde ditugun hitzak une horretan egokienak eta beharrezkoenak ziren; edo agian esan ditugunak soberan zeuden eta agerian utzi dute gure harrokeria. Ongi dago noizean behin aztertzea nolakoak garen, ez gaitezen hiletan hil dela ez dakien pertsona bakarra izan.