Eskuinekoa edo ezkerrekoa izateari buruz hitz egiten entzun dut Emmanuel Carrère idazlea elkarrizketa batean eta aipagarria iruditu zaidan definizio bat egin du, bi jarrerak bereizteko. Eskuineko batentzat, dio, injustizia saihestezina da; ezkerreko batentzat, berriz, injustizia jasanezina da.
Definizio ona dirudi. Izan ere, ondo pentsatuta, injustizia saihestezintzat jotzea eta sentitzea baitago eskuinaren argudio nagusien oinarrian: ez dugu pobrerik egoterik nahi, ez dugu nahi jendea gosez hiltzea edo duintasunik gabeko egoeretan bizirautea, baina saihestezina da. Noski, saihestezina egungo eredu sozioekonomikoan. Hori dela eta, ezkerrarentzat berdintasun eza jasanezina izan behar baldin bada, ez du beste biderik eredu aldaketa bat aldarrikatzea baino. Edo, bestela esanda, egungo testuinguru honetan injustizia beti izango da saihestezina.
Iruditzen zait gutariko bakoitzak berrikusi beharko genukeela zein neurritaraino saihetsezin edo jasangaitz iruditzen zaizkigun egunero ikusten ditugun bidegabekeriak. Izan ere, batzuetan euren burua ezkertiartzat duten askok sentitzen du egoera bidegabe batzuk saihestezinak direla. Beraz, agian errealagoa eta argigarriagoa izango litzateke termino hauetan neurtzea bidegabekeria bakoitzaren aurrean dugun pultsioa, gure epaia eskuin eta ezker klasikoetan oinarritu ordez.
Onartezinak diren zenbat injustizia onartzen ditugu? Jasanezinak izan beharko liratekeen zenbat egoera normalizatzen ditugu? Zenbateraino konbentzitu gara/gaituzte mundu honek ez duela beste alternatibarik?
Agian erronka nagusia ez da hainbeste norberak bere burua ezkertiar edo eskuindar aldarrikatzea, baizik eta zintzotasunez berrikustea egoera bidegabe bakoitza zenbateraino egiten zaigun jasanezin eta zenbateraino sentitzen dugun saihestezin. Izan ere, berrikuspen zintzo horretatik bakarrik jakin ahal izango dugu mundua den bezala mantentzen laguntzen ari garen edo bestelako mundu bat eraikitzen saiatzen ari garen.