Ekitaldi ttipi baina garrantzitsua egin da aste honetan Erdialdeko herri ederrenetako batean, Garesen, herriko zubi ikusgarriaren ondoan, Arga bazterrean. Ez du oihartzun handirik izan hedabideetan, ez euskarazkoetan, ez erdarazkoetan, baina joan den ortzegunean, hantxe jaso zituzten sariak aurtengo Ager Vasconum euskal literatur lehiaketa irabazi dutenek. Tafalla, Gares, Lizarra eta Zizurko udal euskara zerbitzuak dira bultzatzaileak, hainbat udalekin batera.
Aurten, guztira, 22 saridun, poesian eta narrazioan. XI. edizio honetan, 171 lan aurkeztu dira, guztiak ere 12-30 urte bitarteko gaztetxo-gazteek idatziak, den-denak Erdialdeko eta hegoalderago dauden herrietan sortuak. Nabarmentzeko modukoa da zinez zer herritatik jaso diren idazlanak. Badira, jakina, herri handiak, hala nola Lizarra, Tafalla, Gares, Erriberri, Viana, Irunberri, Zangoza eta Caparroso. Aski herri kozkorrak ere, hots, Artaxoa, Aiegi, San Martin Unx, Arellano, Villatuerta eta Beire. Orbaibar aldeko herri txikirik ere bada: Leotz eta Amatriain, konparaziora. Zabal, berriz, Deierrikoa; Gollao, Ameskoakoa.
Horiez gain, Zizurko institutuari lotutako herrietako ikasleek ere badute parte hartzeko eskubidea, eta parte-hartzaileen herriak, aurten, Añorbe, Zirauki, Artazu, Mañeru eta Girgillao izan dira, Erreniegaz hegoaldean. Gainera, Iruñerrian dauden Subitza, Asterain, Undio, Espartza Galar, Zizur Nagusia eta Zizur Txikia.
Hori pentsaezina zen joan den mendean, jakina. Pentsaezina ere, mende hasieran. Euskara, hortaz, bidea egiten ari da Ager Vasconum lurraldean zehar, bai Iruñerrian, bai eta Zangozerrian, Tafallerrian eta Estellerrian barna ere. Euskararen gaineko iragarpen hits eta ilunak barne muinetaraino sartuak zaizkigun honetan, altxa dezagun begirada arnasberritzeko eta euskararen lurraldea are gehiago zabaltzeko.