Aurreko egun batean eguraldiaren iragarpena begiratzen ari nintzela, harritu nintzen, eta haserretu, nire buruarekin zeren, ez dakit zein egunetarako 30 gradu ematen zutela ikusita, “gaitz erdi” bat atera baitzitzaidan berehala, niretzat 25 gradutik gora dagoen guztia bero sapa jasanezina denean: badirudi klima-aldaketak beste motako aldaketa sakonak sortu ahal dituela nigan, orain 30 gradu infernuzko horiek paradisu bilakatu zaizkit 38 edo 40 gradu infernuzkoagoekin erkatzen baditut.
Alarma gorrian gaude, eta agintariek betiko aholkuak ematen dizkigute: leihoak gauez bakarrik ireki (baina gauak ere beroak dira), pertsianak jaitsi, ura edan, itzalpean egon, haurrak eta adinekoak zaindu eta horrelakoak, beti egin dena alegia, baina ez dakit beti egin dena nahikoa den eta izango den aurrerantzean.
Ez dut ezer entzun eskolak ixteaz (Ipar Euskal Herrian batzuk, behintzat, itxiko dituzte), kalean egiten diren lanak bertan behera uzteaz (uste dut badirela legeak horretaz) edo zenbait eraikinetan (ospitaleetan, osasun zentroetan, ikastetxeetan, zahar-etxeetan) aire girotua jartzeaz. Aire girotua garestia dela esango du baten batek, baina ez al genekien aspaldidanik klima-aldaketa oso garesti aterako zitzaigula ez bagenuen ezer egiten? Egin ez zena ezin da orain bat-batean egin, eta gastatu ez zena orain gastatu beharko da. Uste dut, gainera, oso berandu gabiltzala, eta, okerrena dena, ezkortasunak eta irtenbide indibidualistek hartu gaituztela.
Negazionistek eta haien lagunek esango dute oraingo bero hau ez dela hainbesterako, udan beroa natural-naturala dela, egun hauek ohiz kanpokoak direla eta uztaileko edo abuztuko gauetan “txaketika” (Zaldieroari lapurtu diot hitza) aterako dugula beti egin dugun bezala. Ikusiko dugu. Nik uste dut amaren izebek armairuetan zituzten “udako beroki” haiek zaharren oroitzapenetan bakarrik biziko direla, edo museo etnografikoetan; arin-arinak ziren, dotoreak, baina nor dago gaur egun dotorezietarako beroak kiskaltzen zaituen bitartean?