Pedro de Ursua BHIko irakasleok, marrazketa mintegiko lankideari babes osoa eskaini nahi diogu Hezkuntza Departamentuak sortarazi duen egoeraren aurrean. Lankide honek urte osoa darama gurekin lanean beste pertsona baten amatasun ordezkapena egiten eta aurreko astean aldaketaren nondik norakoak ikusi ahal izan genituen. Amatasun baja bat izatetik osasun arazoek sortutako baja bat izatera pasa zen (apirilaren 18an), eta gure lankideari hasierako kontratua bukatutzat eman eta atzoko eguna arte (maiatzak 2) ez zioten kontratu berria egin. Oso argi dugu zein den erabaki honen arrazoia; Aste Sainduko oporrei dagokien soldata ez jasotzea. Ondorioz, hau da ikastetxean izan dugun egoera:

-Talde bat tutorerik gabe geratu da.

- 2. mailako ikasle guztiak Plastika ordurik gabe geratu dira (horrek dakarren ordezkapen arazoekin).

Horrez gain, irakasle hau urte osoan lan egiten egon den arren, ezin izango ditu udako oporraldiak ere kobratu (kontratu berriaren iraupena maiatzaren 2tik ekainaren 30ra bitartekoa izango baita). Ez dago eskubiderik egoera hau gertatzeko, diru bat aurreztu nahi izanagatik.

Bestalde, ikastetxeko beste lankide baten ordezkapena egiten ari den pertsonari ez zaio jardunaldi osoko kontratua errespetatu eta 15 orduko kontratua egin diote, mintegi burutzako orduak kendu baitizkiote. Ondorioz, Filosofiako mintegia 2-3 hilabetez egon da mintegibururik gabe, horrek dakartzan arazo guztiekin.

Egoera hauek oso ohikoak bihurtu diren arren, salatu behar direla uste dugu langileon eskubideak berma daitezen.

Pedro De Ursua BHIko Marrazketa mintegia eta lankideak.