Síguenos en redes sociales:

Ordubete (eta EZkuntza)

Ordubete? Ordubete, ordubete da. Beasaindik Burlatarainoko bidea, 79 kilometro. Ordubetean DBHko ikasleei ergatiboa erakutsi diezaiekegu. Ordubetean bizitza osoan ikasitakoa ahaztu dezakegu. Ordubete, 98.776 pinporta harea-erloju batean. Ordubete, aitonaren bazkalostetako lokuluxka. Ordubete, larrualdi gozo bat, jo aurreko zizka-mizka eta ondoko zigarrotxo eta guzti. Ordubete, 27 telefono dei. Ordubetean bost urte baino gutxiagoko 1.000 ume baino gehiago hiltzen dira munduan gosez. Ordubete, 1.123 karaktere. Ordubete, 107 zortziko txiki. Ordubete? Ez, ordubete ordubete baino gehiago da. Ordubete () ordubete asko dira. Ez al zaizu iruditzen?

Ordubete, irailarekin batera ordubete lektibo bat gehiago da Iribas jaunak Nafarroako irakasleoi astean sarrarazten diguna. Eta gu haserre. Alperrak gara, nonbait; alperrik da, badakizu. Eta gu haserre, bai, ordubete ordubete baino gehiago baita gure institutuan ere. Ordubete, 2,67 irakasle 64ko klaustroan. Ordubete, 35 zaintza astean. Ordubete, liburutegiko taldea. Ordubete, genero berdintasunekoa. Ordubete, Lotune aldizkaria. Ordubete, irakasleen formakuntza. Horixe da ba pordepronto ordubetegatik gure institutuak aurten aurreztuko duena, lau zero Abiadura Handiko Trenaren 8,5 kilometro 42.000.000 euro kostatzen (kosta, bai, balioa ikusteko baitago) den herrian. Azala behar da, gero!

Jarduera osagarriei, ez; formakuntzari, ez; sormen bideei, ez; kalitateari, ez; eskola publikoari, ez. Bai, EZkuntza da Nafarroako Gobernuak zure seme-alabei eskaintzen diena. EZkuntza, H-rik gabe, bai, aurreztu beharra dago, badakizu.

Bai, ordubete ordubete baino gehiago da. Ordubete () ordubete asko dira. Ez al zaizu iruditzen?