Euskal Herriko zenbait biztanleen artean , eta zer esanik ez inguratzen gaituzten estatuetako biztanleriaren artean, oso barneratua dagoen uste bat dago: Guztion hizkuntza(k) gaztelera edo eta frantsesa dira, eta egon daitezkeen estatuko gainerako hizkuntza minoritarioak jakitea aberasgarria izan daitekeen arren, helburu bakarra omen dute: Estatua eta bertako biztanleak umilarazi eta lotsaraztea. Euskara bezalako hizkuntza bat jakin eta hitz egiteak baino, gazteleraz txukun, frantsesez lau hitz eta ingelesez bi jakiteak unibertsalago eta garrantzitsuago egiten baikaitu, izan ere, galtzear egon daitekeen hizkuntza bat jakiteak, an-tza denez, ez du pena merezi. Horrela pentsatzen dutenei, hau esan nahiko nieke: Euskara da gure territorio libre bakarra, eta territorio hori zaintzeko ahaleginak egitea dagokigu, gure hizkuntzak biziraun dezan.

Bestalde, gogorra eta tristea bada ere, Euskara erabiltzeagatik inoiz umilatuak izan gara denok gure bizitzako momenturen batean, kalean ez bada, zenbait hedabideetan emaniko informazioarekin. Hori dela eta, Euskara bezalako berezko hizkuntza ofiziala, hitzez zein idatziz ezagutu eta erabiltzeko eskubideaz gain, onartu beharra ere badago, eta herriko agintariei ez ezik, bertako biztanleriari ere dagokio eskubide eta onarpen hori lortzeko neurri egokiak hartzea, inork ez dezan hizkuntza bat gaitzesten dela nozitu.

Euskaraz bizitzeko nahiari pasioz, gogotsu eta grinaz eutsi dio Euskal Herriak urteetan zehar, bertako biztanleei esker. Izan ere, hizkuntzak eta ez beste ezerk ematen digu izena, (Euskararen Herria, Euskaraz mintzo den jendearen herria, alegia) eta ondorioz izana. Hori dela eta, arestian esan bezala, zapaldutako eta umilaturiko hizkuntza eta herri hau aurrera ateratzeko gure esku dagoen guztia egin beharra dago, izana baitago jokoan, hil edo biziko borroka delako.