Istripuaren zain. Horrela dirudi dagoela Iruñeko Udala, Santa Engrazia-Euntzetxiki eta Arrotxapea lotzeko pasabideari dagokionez. Eta hau pentsatzeko, bi auzoak banatzen dituen trenbide ondoan paseo bat ematea besterik ez da behar. Izan ere, Sanferminetatik, 80 metro baino gutxiagoko tartean, trenbidea isolatzen duen hesia apurtuta dago, gutxienez hiru puntutan argazkietan erakusten dudan bezala, eta horrela jarraitzen du lerro hauek idazten ditudan momentuan.

Marisa Zubiri Argiñaritz

Santa Engrazian urte asko daramatzagu trenbideak dakarren oztopoaren konponbidearen zain eta, errepikatzen den eskaera izan arren, udalak beste alde batera begiratzen du behin eta berriz.

2007an eskaera bat egin zen. 2015ean, Nafarroako Arartekoak, auzolagun batek egindako idazkiari erantzun zion ebazpenean ( J14/24 ) Iruñeko Udalari “aurrekontuak ahalbidetu bezain laster, AHTren ezarpena gauzatu ez den neurrian, Buztintxuri eta Arrotxapea oinezkoentzako lotunea hobetzeko jardueraren bat egin dezala” iradoki zion.

Ebazpen berean “Pertsonen segurtasunerako arriskua dagoela egiaztatzeak, nahiz eta pertsonen zuhurtziarik gabeko jarduketengatik izan, administrazio publiko eskudunek neurri gehigarriak hartzeko aukera baloratu behar dute” esaten da.

Duela bi hilabete inguru EH Bilduk aurkeztu zuen zuzenketaren bidez, 30.000 eurorekin Santa Engrazia eta Arrotxapea auzoak lotuko dituen oinezkoen zaldainaren proiektua finantzatzea proposatzen zuen. Ikusiko dugu zertan gelditzen den guztia…

Beste proiektu batzuetarako erabiltzen den aurrekontua ikusita, pentsatzen dut dirua ez dela arazoa izanen. Espero dezagun konponbidea istripua baino lehen iristea.

Eta, bide batez, alkate jauna, ederra banderatxoa.

Marisa Zubiri Argiñaritz