Jesusen bihotzeko Mariaren alabak
Iruñeko Karlos III. Noblearen etorbidean serora batzuk pasta-kutxak saltzen ibiltzen dira. “Hijas de María del Corazón de Jesús” -Jesusen Bihotzeko Mariaren Alabak- dute bere grazia, eta euren pastak erosteko dirurik eraman ezean, lasai; txartel bidez ordain dezazun, mojatxoak azkar ateratzen dizu datafonoa. Iragan den larunbat goizean behartsu zarpail bat “Jesusen Bihotzeko Mariaren Alaba” horietako batengana eske hurbildu zenean, mojatxoak ez zion ez hitzik, ez pastarik, ez dirurik eman nahi izan.
Gogora etorri zitzaidan San Martin de Toursen legenda. Agiografoek diotez, bazihoan Martin de Tours zaldiz Amiensen barna, negu gorrian, kapa dotorea soinean eta ezpata zorrotza zorroan. Halako batean, gizon zarpaildu bat ikusi zuen kalearen erdian, hotzak dardarka eta limosna eginez. Eskaleari soraio, inguruan zabiltzanek ez zioten behartsuari kasu mendrenik egin, neguko hotzaldiari jendearen hotzaldia gehituz. Eskalearen kinkaz hunkituta eta jendearen axolagabekeriaz asaldatuta, Martin zaldunak ezpata zorrotza zorrotik atera eta kapa dotorea urratu eta erdibanatu zuen, kapa erdia eskaleari emanda. Behartsuak kapa erdia jantzi zuen hotzetik babesteko. Martin zalduna bere bideari lotu zitzaion, kapa erdia jantzita eta eskuzabaltasunaren ikur bihurtuta. Gau horretan bertan loak Martin hartu zuenean, Jesukristo agertu zitzaion ametsetan, Martinen kapa erdia soinean zeramala. Hauxe esan zion: “Gaur, Martin, zure kaparekin babestu nauzu”.
Suposatutzat ematen dut mojatxoak San Martin de Toursen legenda hagiografiko hori ezagutzen duela.
Suposatutzat ematen dut kalean saldu ahal izateko, Jesusen Bihotzeko Mariaren Alabek saltzaile ibiltari orori dagozkion baimenak badituztela.
Suposatutzat ematen dut pasta horiek ur bedeinkatuaz eginda daudela, baina era berean, osasun arloko analisi, arau eta baimen guztiak badituztela eginak.
Suposatutzat ematen dut gau horretan Jesukristo ez zitzaiola ametsetan agertu mojatxoari pastak jaten.
Suposatutzat ematen dut pasta horiek goxo daudela, baina ez nion serorari erosi nahi izan.