Oronozen LHko zentro berria eraikitzeko akordioa sinatu zenean Baztan-Bidasoako eskualdearentzat lorpen garrantzitsua gauzatu zen zalantzarik gabe. Pentsa daiteke hezkuntza departamentuarekin izan dugun eztabaida amaitu dela. Kontrara, departamentuak erabaki du Erdi mailako Natur inguruneko eta Aisialdiko gidari zikloa eskola berriaren eskaintzatik kanpo geratzea, eta Lekarozko institutuan birkokatzea.

Zalantzak sortu dira: zergaitik ateratzen dute hezkuntza eskaintzatik urtero matrikula betetzen duen zikloa? Zentzurik dauka zikloa ikastetxetik banandu eta isolatuta DBHko institutu batean kokatzeak? 

Susmoak gehiago okertu ziren Departamentuak uko egin zionean kirol zikloa Oronozen ia gainkosturik gabe txertatzeko eskeintzari. Baztango Udala ikasketa hauek eskola berrian gauzatzeko instalakuntza ia guztiak bermatzeko prest zegoen. Beraz, departamentuak instalakuntzen inguruan ematen dituenak, arrazoiak baino gehiago, aitzakiak dira.

Zentzugabekeria honen aurrean, gaizki pentsatzera garamatzaten datuak ere hor dauzkagu:

Ez da kirol zikloak Nafarroako “periferiatik” ezabatzeko egiten den lehen saiakera: duela urte gutxi Altsasuko kirol ikasketak desagertu ez zitezen borroka egin behar izan zen, eta Lekarozko kirol zikloarekin antzera gertatu zen. Gardentasunik gabe jokatzen dute; interesatzen ez zaizkion ikasketak kentzeko trikimailu baten aurrean egon gaitezke.

Bestetik, sektorean pribatizazioa ematen ari da eta azken urtean ikastetxe pribatu berriak sortu dira han eta hemen. Ikasleek 4500 euro ordaintzen dute ikasturteko, erdi mailako kirol ziklo bat ikasteko. Negozio borobila batzuentzat, poltsikoan zuloa besteentzat.

Argi daukagu, kirol zikloa Baztandik desagertzen bada ikasketen zentralizazioaren eta pribatizazioaren mesedetan izango da. Erne gaude, ez dugu atzera pausurik onartuko!

Oronozko Lanbide Eskola Berria Orain! Batzordearen izenean