Alde egin diguk, eta ederki izorratua utzi “kontrako bandoko” hire gudari kuadrilla.

1976ko urtarrilean ezagutu gintuan, Errege Emerituaren lehen soldaduak. Ederki pasatu genian, egoera politikoagatik ere eta une zail eta nahasiengatik ere. Gaztetan hobeki eramaten dituk halakoak.

Soldaduska burututa, bikotekideak izan ditiagu, seme-alabak ere bai. Hala ere, lagunak izaten segitu genian, eta harremanetan. Hire bihotzak, noizbait, aski erran duen arte.

Zubiriri eta gure neskei merezimendurik kendu gabe, hein handi batean hiri esker segitu diagu elkar ikusten eta elkarrekin gozatzen hainbertze herri desberdinetako jendeak: Azpeitia (hire herria), Aretxabaleta, Goizueta, Iantzi, Getaria, Lekarotz, Zubiri.

Patxo laguna: saiatuko gaituk kuadrillako gainerakoak berriz ere elkartzen eta hitaz oroitzen. Hala egiten dugularik, izanen diagu behin berriz “puta miliko” istorioren bat gogora ekartzeko aukera, hala nola parrandan eskapatu hintzenean, Joaquin Ziersolo lagunarekin.

In fraganti harrapatu zintuzteten, baina, zulorako bidean, izan zineten Bartolo sarjentuari txantajea egiteko bezain ausartak (edo burugabeak)! “Giltzapetzen bagaituzu, salatu egingo ditugu kuarteletik eramaten duzun eraikuntza materialaren trapitxeoa”.

Poliki atera zitzaizuen jokaldia!

Adiorik ez, Patxo.