Krisiak alderdi onak ditu. Euskal independentismoari ekonomia deskubriarazi dio. Zertarako bereizi Espainiatik? Gure hizkuntzak eta kulturak bizirik irauteko? Gure iragan loriatsuari -eta eztabaidagarriari- ohore egiteko? Sozialismoa edo dena delakoa eraikitzeko? Ez jaun-andereak. Edo ez bakarrik horretarako. 80ko hamarkadan, zenbaiten ametsetako Euskal Herri burujabeak eite handia zuen Enver Hoxharen Albania hits, azpigaratu eta gaizki hornituarekin. 2012 honetan, iduri du euskal estatuaren menturak bizi dituenetariko batzuek Suediaren edo Islandiaren gisako zerbait dutela gogoan, hau da, justizia soziala bai, baina batez ere herritarrari soldata duina, babes eraginkorra eta gizarte ongizatearen aldetik gutienekoak segurtatzeko prest dagoen estatua. Hain juxtu ere, krisiak mendebalde osoan eta bereziki Espainian kolokan jarri duen huraxe. Pintada batek eztabaida piztu du sarean. Greba orokorraren karietara hainbat tokitan agertu da, Iruñean ere bai: España=ruina. Independentzia. Hizkuntzaren ekonomiaren ikuspegitik neurtuta, ez dago gaizki errana. Hiru hitz eta berdintasun zeinu bat elkartuta nekez adieraz daiteke gehiagorik. Elebitasunaren erabilera estrategikoak ere errateko franko eman liezaguke. Ika-mika, dena dela, ez dute esaldiaren ezaugarri formalek ekarri, mezuaren funtsak baizik. Insolidarioa eta eskuindartzat jo izan dute frankok. Ez dute noski arrazoirik falta. Nonbait, Espainiatik ihes egin behar dugu, hondora doan itsason-tzia delako. Ez da kontu polita. Arratoiek egiten omen dute ospa hondoratzen ari den itsasontzitik. Italiako Ipar Ligakoen ametsezko Padaniak nahikeria berdintsuan du oinarri: ken dezagun bizkar gainetik hegoaldeko alfer zarpail horien karga. Baina eskoziarren eta katalanen independentismoa ere halakotsua da neurri handi batean. Eta goraka ari dira. Estatu bat nahi dute, zertarako eta hobeki bizitzeko. Ikaragarri egoista. Zentzua, ordea, nork ukatuko?
- Multimedia
- Servicios
- Participación