Zenbait hausnarketa irakurri eta aditu ditut azken astean, hilaren 21eko hauteskundeetako urak nafar askara ekartzen dituztenak. Deigarria zait batzuen baikortasuna. Mendebaldeko hiru probintzien ispiluan begiratuta, eder ateratzen dira kontuak. Egia da, bertzalde: Euskadin abertzaleek goiti egin badute, haien arrastotik joan daitezke gauzak Foru Komunitatean ere. Bada bertze aukera bat, ordea. Analisi bakar bat ere ez dut ikusi Galizian eskarmentua harturik. Finisterre aldean eskuin espainolak izan duen garaipena pentsaezina litzateke Nafarroan? Guti fida. Nik, badaezpada ere, ez nuke posibilitate hori erabat alboratuko. Hauteskundeetakoak ez ezik, izan zen bertze daturik lehengo astean. Joan den or-tziralean jakinarazi zen biztanleria aktiboaren gainean 2012ko hirugarren hiruhilekoari dagokion inkestaren emaitza. Zenbatekoak, jakina denez, beldurgarriak dira Estatuko bazter guztietan. Guztietan? Ez, erkidego batek kontzen dio, irmo eta gogor, enplegu preziatuari. Nafarroa izan da langabezia tasa beheititzen ikusi duen autonomia bakarra. Gure artean bertze inon baino langabe gutiago dagoela erran dezake berriz Barcinak. Lehendakarisak arnas pixka bat hartu du, egoera itogarri gertatzen hasia zi-tzaion momentuan. Asteko bertze alegran-tzia oposizioaren nahaste-borrasteak eman dio Parlamentuan. Lau lerro adosteko gai ez direnek ez diote alkate-makila kenduko. Hor nonbait irakurri dudanez, Galizian, oposizioak gobernurako alternatiba serio eta ongi gorpuztu bat jendearendako sinesgarri egin ezinak eman dio garaipena Feijoo popularrari. Alde horretatik, trankil egoten ahal da UPN. Egoera ekonomiko eta soziala benetan gaiztotzeari baizik ez dio beldur izan behar. Amesgaiztoa dirudi, krisiaren edo dena delakoaren eraginez guk denok erreka jotzea da Nafarroan gobernu aldaketa amets dugunoi gelditzen ahal zaigun esperantza bakarra. Eta hala ere, lanak.