1.Halako arriskua du hauteskundeak hain modu dramatikoan planteatzeak. Zirt edo zart. Espainia edo Katalunia. Zure zaleak mugiarazi nahian egiten duzu, baina gerta daiteke, hondarrean, kontrarioari bulkada ematea. Azken asteetako asots eta zalapartak etxetik aterarazi du normalean Parlament-erako hauteskundeez futitzen den boto-emaile espainiarra. 2. Bozetara ez zaitezke aurkeztu programan gai bakarra daramazula. Espainiar hasieran erdeinulari eta gero histerikoek, europar hastapenean sinesgabe eta azkenik urduriek, euskaldun hatsarrean harritu eta akabantzan jelostuok independentzia kontuari baizik ez diogu erreparatu. Iduri du, ordea, aberriak ez ezik bertzelako gai lurtarrek finkatu dutela katalanek hautestontzian sartu duten boto txartelaren kolorea: irakaskuntza, osasuna, gizarte-laguntza ordena publikoa... 3. PSC beheiti etorri da. Hirugarren lekuan gelditu da bigarrena zena. Ez da izan, hala ere, iragarri bezainbateko zalapartakoa. Espainiako Alderdi Sozialistak, ahuldurik egon arren, urrun du desagerpena. Zola bat du eta ez du hagitzez ere beherago eginen. Ez Katalunian ez Euskadin ez Nafarroan. 4. Programa soberanista batekin aurkezteak petxa ordaindu beharra dakar. CiUk egin du, lehen aldiz bere historian, eta bizkarra eman diote bere hautesleen %20k. Erran berri dudan honek, dena dela, bere ifrentzua du. Egun hauetako bonbardaketa mediatikoaren ondoan boto emaileen %20 baizik galdu ez izana porrota izan daiteke, edo miraria. Onar dezagun: ameskeria puntu bat bizi izan dugu Kataluniako hauteskunde hauez den bezainbatean. Batzuen eup suharrek eta bertze batzuen espantuek ez zegoena ikusarazi digute. Hozki aztertuta, ez da gertatu gertatzen ahal ez zenik. Inkestetan zuzenki galdegin zaielarik, katalanen %50 baino apur bat gehiago agertu da, gehienez ere, independentziaren alde. Igandeko bozketek horixe islatu dute. Bertze kontu bat da kopuru horrekin posible ote den orain urratu nahi zen bidea ibiltzea. Haiek erabaki beharko. Oraingoz, piperpotoak puska baterako du Montjuïceko gazteluaren gainean.