Dexente higatzen ari da gutariko auni-tzen autoestimu matxinoa. Kataluniak du hobena. 40 urtez jo eta su gorian ibili ondoan, latza da, latza denez, ikustea nola epel puta horiek, hamarkada hauetan guztietan suhartasun abertzalean gure zapata lotzen hasteko ere ez zirenak, turboa sartu eta atzean utzi gaituzten, barregarri. Zuzen zebilen Oscar Terol telebistako umorista: independentziaz iritzi ematera dei egin zaie lehengusu mediterranearrei; euskaldunok, berriz, atez atekoa izanen genuke eztabaidagai, aurten erreferendumik izanez gero. Eta katalanekin aski zoritxar ez ote genuen, hara non heldu zaizkigun burgostarrak ere, hankartean ukika. Nor eta burgostarrak. Hogei urte honetan, ez da hemen herrilanik izan, handi nahiz tiki, kontrako mugimendurik pitzarazi ez duenik. Borroka luzeak ikusi ditugu. Epikoak, zenbaitetan. Batzuek proiektu erraldoiak hartu dituzte jomuga-tzat, hala nola autobia(k), Itoitz edo abiadura handiko trena. Bertze batzuk tikiagoak edo lokalagoak izan dira, Gazteluko plazakoa edo Arantzadikoa kasu. Milaka jende mugiarazi dute. Garaipen bakar bat ere gabe iragan dira, ordea. Duela bi aste inork ez genekien munduan Gamonalik bazenik ere. Egun, estatu espainiarrean eskuinaren politikaz leporaino dauden guztien aho-mihietan dabil Barcinaren sorlekuko auzoaren izena. Totem bilakatu da, "ahal dugula" uste dutenen -edo sinetsi nahi luketenen- gogoan. Bada, gainera, kontu harrigarririk. Burgostarrek ez dute erresistentzia baketsuari esker irabazi. Harriz eta suz eraiki dute beren garaipena hiriko plutokrazia politiko eta ekonomikoaren kontra. Edukiontziak erretzea eta polizia harrikatzea arrunt gauza itsusia zela ziotenetariko batzuek guztiz legitimotzat hartu dute orain hango herritarren kale borroka. Gurean bertzelako kontuek zuten bide horren esklusibitatea. Orain, han eta hemen, batzuei tonto aurpegia jarri zaie Espainia aldean lortu berri duen arrakasta ikusita.