Gero eta telepredikatzaile itxura handiagoa dute bertsolari batzuek. Hona horietako baten lehengo or-tziraleko txio goiztiarra: “Eskoziarrek menderakuntzaren alde bozkatu dute”. Ez da Marilo Montero munduan bakarra, burutik pasatzen zaion lehenbiziko lerdokeria jaulkitzen. Kurioski, iritzi berekoak dira espainiar instituzionalisten bozeramale gehienak; uztarpearen laudoriotzat hartu dute erreferendumaren emaitza. Urte hasieratik, Eskoziakoak gurekin deus ikustekorik ez zuela erranka aspertu dituzte bazterrak. Orain, Edinburgoko ispiluan begiratzeko erraten digute Londresko mirailean gauza bera egiteko gauza ez direnek. Bai, esperan-tza bagenuen. Baina gertatua ez da kalteko; bekaizkeria inoiz ez da sentimendu noblea izaten. Espainiarrek arrazoi pixka bat bazuten. Mila milia itsaso baino zerbait gehiago dago eskoziarren eta gure artean. Egun hauetako kanpainaren dramatismo ezaz harritu da hemengo bat baino gehiago. Baiezkoa edo ezezkoa gailendu, beren nortasunak arriskuan egon gabe segituko duela dakienaren lasaitasunez joan dira hautestontzietara. Eta gaelikoa? Egunkari honetan berean argitu zitzaigun: mintzaira zaharra biziberritzea ez zen lehentasuna izanen Eskozia independentean. Gu euskarak ez bezala, Rob Royren hizkuntzak ez ditu eskoziar egiten. Lehengo asteko bozketan, eskualde gaelikodunenetan (Higland, Argyl, Hebridak) Ingalaterrarekin muga egiten duten lurraldeetan bezain aise nagusitu zen ezezkoa. Kalkulagailuari so eman dute botoa eskoziarrek. Independentziaren bidaia poltsikoan eta bizi kalitatean kario aterako zitzaiela iritzi dio gehiengoak. Gu ez gara haiek bezalakoak. Ez gaitezen, hala ere, horregatik harrotu. Euskal Herria estatu bilakatuz gero gure artean pobrezia handituko dela aurpegiratuko digute noizbait. Jakin beharko dugu egun horretan zer erantzun.
- Multimedia
- Servicios
- Participación