zentral kafe teatro. Hain ageriko z eta k horiek min ematen, nonbait, eta c bihurtu dituzte hedabide batzuek. Ez gaitezen, dena dela, bi letraz liluratu. Estimatua dago gutaz oroitu izana, baina ez da batzuek amesten genuena. Joan den or-tziralean Santo Domingora joan zen euskaldunak badaki. Prentsaren bidez haien egitasmoen berri izan duenak ere bai. Iruñeak badu, lehengo astetik, musika lokal berria; badu aisialdirako leku eder bat gehiago, non eta hiriaren erdigunean. Badu kafe teatroa. Ez, alabaina, kafe antzokirik. Euskara ardatz zuela sortu zen Bilbokoa, duela 19 urte. Etorkizun laburra iragarri zioten gure arteko ezkorrenek. Oztopok oztopo, hor dirau, Bizkaiko hiriburuko Zabalgune burgesaren erdian, euskara, kultura eta aisialdia modu arrakastatsuan uztartzen. Hor dirau, bilbotar eta kanpotar euskaldunen (eta erdaldunen) gozagarri, gure kulturaren alor desberdinak lantzen dituzten talde eta proiektuei teilatupea ematen. Ideien laborategi. Euskararendako ikur. Gaur egun Bilbo duela bi hamarraldi baino euskaldunagoa bada, Kafe Antzokiaren merezimendua ere bada. Bilbotarren lorpenez jelos, saio bat baino gehiago egin izan da eredua Euskal Herriko bertze toki batzuetara eramateko. Emaitzak ez dira beti parekoak izan. Bi hamarraldi hauetan, izan da iruindarrik Nerbioi ingurura hurbildu denik, formula hona egokitzeko aholkularitza eta akuilu bila. Topaketa horietatik ez da, hala ere, inoiz proiekturik gatzatu gure hiri buruzagirako. Bilboko indarra, kemena eta ausardia eskas izan ditugu Iruñean. Antolatzeko eta dirua bilatzeko irudipena ere bai. Eta, zer esanik ez, jende desberdina elkartzeko ahalmena. Orain, bertze batzuk etorri dira, eta guk abiarazi behar genuen proiektua gauzatu dute. Keinuak keinu, erdara ardatz. Etorri berriei bidai ona opatzea eta galdutako trena deitoratzea dugu hobenaren penitentzia.