Broma gaizto bat dirudi. 2015erako hainbertze esperantza izan, eta urte berriaren atarian joan zaigu Ibon Gaztanbide Olagarro. Ez dakit izengoitia inork ezarri zion edo bere apetaz bataiatu ote zuen bere burua. Afariren batean galdegin nion egiazki ote zuen eskuak biderkatzeko ahalmena, itsas zefalopodoaren zortzi garroekin berdintzeraino. Bere ohiko irriño jostari batekin erantzun zidan: “Galdetu hor barna”. Mendigatxaren sindromeak jota, belaunaldi berriak non ote diren galdegiten dugun aldiro, atzentzen zaizkigu Ibon Gaztanbide bezalako pertsonaiak. Iruinsemea, ikastolakumea eta euskaldun fina. Hiru tasun horiek ez dira beti elkarrekin suertatzen. Gertatzen direnean, Ibon eta Ibonen gisakoak agertzen zaizkigu lehen lerrora. Euskalerria Irratian, esatarien bozak entzuleen belarrietara ailegarazteko ardura izan zuen urte aunitzetan. Kolaboratzaile ahanzkorrei errieta goxoak botatzen ez zizkigularik, liburuak irakurtzeko beta hartzen zuen. Euskaraz. Bertze orijinaltasun bat, Ibonena. Gozamena zen haren iritziak eta haren kritikak entzutea. Eritasunak ia-ia haurra zela gaineratu zizkion atzaparrak. Ez zuen, hala ere, inoiz amore eman. Karramarro alua hanka apurka-apurka jaten joan zitzaion, baina berak umorez eta duintasunez eraman zuen olagarro herrena izatearen komeria. Bere inguruari eta bere ingurukoei zien maitasunak atxiki zuen bizirik. Aita bilakatzea izan zen bere bizi laburregiak egin zion azken oparietarik. Kemena azken-azkeneraino gorde zuen. Medikuek berririk txarrena ekarri ziotelarik, zer gogoratuko eta agur-besta egitea bere lagunekin. Aspaldi ginen zerbeza bat elkarrekin hartzekoak, literaturaz, politikaz eta aitatasunaz mintzatu beharrez. Heldu den maiatzerako izan beharko da, berak hainbertze amestu zuen momentua ailegatzen denerako. Inork hil behar ez zuen adinean hil da Ibon Gaztanbide, pertsona ona eta espanturik gabeko euskaltzalea.