duela egun guti batzuk, Iruñeko liburu denda batean. Euskal idazle itzuli bat eta erdal idazle itzuli gabe bat jendaurreko solasaldian jarri ditu haien argitaletxeak. Bi egileen literaturek zertan egiten duten bat eta elkarrengandik non bereizten diren, buruz buru eta bertatik bertara aztertzeko parada dirudi. Aitzinean, jende tropa bat, entzule. Erdaldunak, nagusiki, eta euskaldunak ere ez guti, ekitaldia erdaraz izanen dela iragarri den arren. Elebitasunak ongi ematen du paperean; praktikan, konplikatuagoa da dena. Ordu eta erdi iraun du kontuak, batzuetan bizi, bertzetan motelago. Denbora horretan guztian, mahaitik euskaraz aditutako hitz bakarra euskal idazlearen agurra izan da -“arratsalde on” murritz bat- bere jardunaren has-hasieran. Normala, beraz. Aldez aurretik ezarritako gidoiari atxiki zaio, bertzerik ez. Edo ez hain normala. Euskal idazleak gauza izan behar zuen denbora horretan guztian hor ziren euskaldunen belarriak pixka bat bederen goxatzeko. Jakin behar zuen bere lehen irakurleen ordezkaritza xume baina adierazgarri hura nola edo hala saritzen. Ez zuten, seguru aski, sobera beharko. Halakoetan, euskaldunok ez ohi gara asebetetzen hain zailak. Azalpen gehigarri bat aski. Jakingarri bat, bertzeen jakin gabean. Argi printza bat, belarrimotzendako ilun. Horren ordez, euskara bazenik atzendu zitzaion euskal idazleari. Ohartu orduko, berandu. Herri honetan egiten diren bi literaturen topagune izan beharrekoan erdarak irabazia zuen, 22 eta 0. Erdaldunei -solasaldira bildutako erdaldunei- zerbait galtzen ari direla adierazteko aukera galdua zen, behin berriz, gehiegizko funtzionaltasun baten izenean. Gero, zertaz harrituko. Gero, zer eskatuko. Iribas pozik egonen zen han suertatu balitz. Damu naiz. Ez zen nire arratsalderik hoberena izan.