Atzo eman zitzaion amaiera Nafarroako Parlamentuaren 9. legegin-tzaldiari. Azkeneko lauak urte alferrak izan direla irakurri dugu han-hemen. Alferrak ez dakit. Latzak bai, ekonomiaren beheraldiak jotako sektoreendako, baita, oro har, bertzelako Nafarroa amesten dutenendako ere: justuagoa, solidarioagoa, diru publikoen erabilera gardenagokoa eta zuzenagokoa, euskaldunagoa, bere buruaren jabeagoa, gainerako euskal herrietatik hurbilagoa? Beharrik baden argi errainurik hain ikuspegi beltzean. Akitu berri den laurtekoak kolokan jarri du UPNren agintearen etorkizuna. Lehen-lehenik, Barcina erraustu du politikari gisa; gibeleko atetik aterako da luzaz gelditzeko asmoa zuen agintaria. Bigarrenik, PSN higatu du, nabarristak eskumakilarik gabe gelditzeko zorian uzteraino, noiz eta premia handiena dutenean. Lehen aldiz trantsizio zorionekotik hona, iritzi publikoaren neurtzaileek gutxiengoan ezarri dituzte Amejoramenduaren aldeko indarrak. Ustelkeriak azpiak jan dizkie, hala nola krisi ekonomiko eta politikoaren kudeaketa negargarriak. Haizearen norabide aldaketa hauspotu dute, orobat, ETAren bortizkeriaren amaierak eta alderdi berrien sorrerak. Hala ere, oraindik ez dugu erabat sinesten. Handiagoa dirudi gaurdainoko irabazleen kezkak, betiko galtzaileen fedeak baino. Hain dugu derrotaren itzala zaineratua, garaipen den mendrena irudikatzea debekatzen baitiogu geure buruari. Alabaina, nekez gauzatuko ditugu gure nahiak sinesmen pizar bat gabe. Inkesta desberdinen emaitzetatik atera daitekeen bertze ondorio bat: jende andanak aiseago daki noren kontra eman botoa, noren alde baino. Gaurgero, bi hilabete eskas ditu erabaki-tzeko. Bederen, eraso-girorik ez da gobernu berri eta desberdina osa lezaketenen artean. Bakoitzak aski lan izan behar luke bere jendea mugiarazten. Lortuko dute agian, orain ez bada ez baita inoiz izanen.
- Multimedia
- Servicios
- Participación
