Kontseilua onik atera zen lehengo larunbateko apustutik. Anaitasunako harmailetan eta kantxan, jarleku hutsak zenbatzeko aski ziren esku bakarreko hatzak, eta horiek aise gainditzen gainetik ekitaldia zutik segitu zuen jende kopuruak. Bizia, koloretsua eta askotarikoa gertatu zen Eneko Olasagastiren gidaritzapeko ekitaldia. Ongi moldatu zen tradizioa eta modernitatea uztartzeko eta ikusgarritasuna eta hunkigarritasuna tartekatzeko zeregin ez beti errazean. Asmakizun polita, gainera, haur tropa zalapartaria entreteniturik edukitzeko amarrua ekitaldiaren kontaeraren barnean txertatzea. Aurkezleak, kantariak, dantzariak, bertsolariak eta elkarrizketagileak, txukun. Giroa bero, izerdiaren mugan. Edukian, zeresan handirik ez. Jendea kiroldegira eramateko lan gehien egin zuten kolektiboetako kideen unibertsoaren neurrira diseinatua zirudien, baina hori ez zen inorendako ustekabea izan. Paul Bilbaoren bukaerako mintzaldi luzeaz ere ezin espanturik egin. Euskarak bizi duen komunitatearen gogoak iraunarazi du hizkuntza azken hamarraldietan. Orobat, ez da euskaldunik Nafarroan euskarak bertzelako legeria, dirua eta plangintza behar dituela uste ez duenik . Berriz, ez dago hain garbi datorkeen aldaketan euskarak zentralitatea behar ote duen. Ederki dago euskaltzaleak aktiba-tzea hurrengo maiatzaren 24rako. Tamalez, nafar gehienei arrotz zaie Anaitasunako ekitaldiko partaideen gogo beroa. Hizkuntzak ez luke hauteskunde kanpainaren ardatz izan behar. Non ez diegun mesede egin nahi mezu apokaliptikoekin gehiengo erdalduna izutzeko ahaleginetan hilabeteak daramatzatenei. Gauzak ongi joanez gero, leku isil eta diskretua hobetsiko nuke hurrengo gobernuaren jardunbidean ere, ez protagonista. Luzerako gobernua behar dugu, ez 4 urte iraganda itzaliko dena. Didaktikoa. Asots handirik atera gabe erdaldun uzkurrak bidelagun eta konplize bilakatuko dituena.