“Zakarrontzira bota”. Javier Esparzak horixe eginen du, Nafarroako lehendakari bilkatuz gero, Uxue Barkosen Gobernua euskarari buruz hartzen dituen erabaki guztiekin. Halaxe agindu zuen, hitzez hitz, lehengo egunean Madrilen. Ez da berria UPNko buruak gure hizkuntzarekin duen tema. Euskararen inposizioaren kontuarekin harri azpiak ere aspertzen ditu, oposizioan dagoenetik. Ez da bakarra. Aldaketaren Gobernuak euskararen inguruan hartu dituen neurri handi nahiz ttiki guztiek izan dute nork belztua nabarristen lerroetatik. Ana Beltran ere nabarmendu da astakerien lehiaketan. “Nafarroako Gobernuak euskaraz mintzatzera behartu nahi gaitu, nahi ez badugu ere”. Horra PPko bozeramailearen azken arrantza. Haiei sinetsita, iraultza gertatzen ari da hemen, hizkuntzaren inguruan. Egia, ordea, bertzelakoa da. Ez da ukatzekoa bi urte hauetako hobekuntza. Euskara ez da gehiago ez arrotz ez gaizki-etorria Nafarroako instituzio nagusietan. Gure mintzaira eta kulturaren aldeko lanean ari direnek badute orain urte aunitzetan ukatu zaien babesa. Bertze giro bat dago, nabarmen. Seguru aski, normaltze hori gertatzen zaie amorragarriena Esparza edo Beltran bezalakoei. Gainerakoan, oinarri handirik ez baitu haien kexak. Legegintzaldiaren erdiaren marra gurutzatuta, zutik dago oraindik euskara baztertzeko UPNk urteen joan-etorrian eraiki duen tresneria juridiko-administratiboa. Funtzio publikoan ez da aurrerapausorik izan. Duela 2 urte bezain zail dauka ia Administrazioarekin euskaraz nahi duen euskaldunak. Gobernua zuhur dabil eta ulertzekoa da. Euskaldunen aldeko politikak bide laburra eginen du Nafarroan erdaldunek beren kontrakotzat hartzen badute. Gobernuak ez du nahi 2019an UPNk bere aurka mobilizatzea erdaldunen botoa. Euskaldunena aktibatzeko, ordea, Esparzak izan beharko du, gehiago bederen, zakarrontzira zer bota.
- Multimedia
- Servicios
- Participación
