“Euskal Herria gelditu/ ez dadin Euskal Erdian/ bila ditzagun arnas ta/ ardatzak periferian”. Azken txapelketaren finalean Sustrai Colinak egindako bertsoak puntua jarri zion mahai inguru bati, lehengo astean, Iruñeko Katakrak-en. Mahaian, Sustrai bera eta Garazi Arrula, Juan Kruz Lakasta kazetaria gidari. Urruñarrak ez du aurkezpen luzerik behar. 35 urte ditu, baina 25 daramatza plazaz plaza bertsotan. Kazetaria. Iruñean bizi zaigu orain, Lapurditik jauzi eginda. Alderantzizko bidea urratu du, berriz, Garazi Arrulak, hemendik EAEra. Ikerlaria, zutabegilea, blogaria eta literatur lanen itzultzailea da duela 30 urte sortutako tafallarra. Lehen ipuin liburua argitaratu berri du, gainera. Aspaldikoa dugu periferiaren eta erdigunearen arteko eztabaida. Aldian behin haren oihartzunak isiltzen badira ere, luze baino lehen berragertzen da, euskal zentralismoarendako enerbagarri. Gaia berriz ere mahai gainean jarri dute Iparraldean eta Nafarroan gertatzen ari diren esperimentu politikoek. So-egile zenbaiten ikuspegian, Bidasoaz haraindiko Euskal Elkargoan eta hemengo Aldaketan bada zer irakatsia gainerako Euskal Herriei. Lehengo eguneko hizlari gazteek ez zuten kontu horren gaineko baieztapen biribilik arriskatu. Delako periferikotasuna nola bizi duten, aldiz, pasarte dibertigarriak kontatu eta negar guti egin zieten entzuleei. Iradokigarriak ziren haien pragmatismoa, haien zuhurtzia, haien zalantza agertzeko lotsa eza, haien espantu urria. Katakrak-en, non bizi diren eta zerk inguratzen dituen, aise ere ikusmolde errealistagoa agertu zuten haiek, entzule beterano aunitzek baino. Colinak, erdaldunekin, “igurtzia” hobetsi zuen, makilaren gainetik. Zenbaitek kargu hartu zion gero. Igurtziek ez dute, noski, deusetarako balio. Derrigor-tzea eta behartzea, hori da, noski, bidea. Lasaigarria zen batzuen eta bertzeen adinari erreparatzea.