“La primera vez que escuché la Salve Rociera pensé que el estribillo decía: ‘Leo leo leo leo leo’, pero luego caí en que era una canción andaluza y eso no podía ser”. Lehengo asteburuan ederra egin zuen Sergio Santesteban gidoilariak, txiste hori txiokatuta. Santestebanek Antena 3 telebista kate espainiarreko Allí abajo-rako egiten du lan, hau da, andaluziarren eta euskaldunen gaineko topiko umoretsuez elikatzen den telesail baterako. Horrek, alabaina, ez du aterpetu kritika zaparradatik. Hainbertze euskal herritarrek ez bezala, ez dut Allí abajo ikusten. Ez zait iruditzen gisa horretako produktuek nire euskalduntasunarekin talka egiten dutenik, baina pantaila tikiak -eta oro har bizitzak- gauza hobeak eskaintzen dizkit. Ez dakit, beraz, zorioneko telesaila zenbaterainoko zirikatze maila darabilen Estatuko bi muturretan bizi diren herriekin. Baliteke bere gidoietan baina zakarrago aritu izana oraingoan Santesteban. Edo, bertzerik gabe, ez da ohartu telebistako fikzioan ateraldi irrigarria litzatekeena iraingarri gertatzen ahal dela sarean barreiatuz gero. Bertze kontu bat da eman zaion garrantziaren tamaina. Garbi dago inori ez zaiola gustatzen ezjakin kulturagabe total baten moduan agertzea arro-tzen begietara. Nahiz eta, datu hotzei begiratuta, hainbertzeko gezurra ez izan. Espainiako Erresuman irakurzaletasuna neur-tzen den aldiro, Andaluzia agertu ohi da azkenetakoa erkidego autonomoen artean. Santestebanen txioa, hortaz, laidogarria, beharbada bai, ez, aldiz, funtsik gabea. Gure arteko inor andaluziarrez deskojona-tzera abiatu bada, ordea, brida dezala bere burua. Berrikitan plazaratu den ikerketak lotsa-emangarri utzi ditu berriz euskaldunak -uler bedi: euskaradunak- irakurzaletasunaz den bezainbatean. Euskaraz, bederen. “Leo, leo, leo”, agian bai. Irakurri, berriz, andaluziarren pare.