BEREIZKETA positiboa erabiltzearen aldekoa naiz, gai batzuek injustiziaz edo indarrez gutxiengoan daudenan laguntzeko edo bere kasa kudeatzeko mailara ekarri arte behintzat. Diskriminazio baikorra eman behar diogu euskarari, frantzes nahiz gaztelania erraldoiak baztertuta ez ezik zapalduta dutelako neurri handi batean. Holako bereizketa behar dute emakumeok edota hauen eskubideak, mendeetan zehar ukatu zaizkielako. Laguntza bereizi hori Afrika edota Hego eta Ertamerikatik datoztenei, hauei, bi arrozeingaitik: Bata estutasun eta egoera larrietatik datoztelako eta, biga, aurreko mendeetan “amerikak” egitera joan izan diran euskaldun oro arretaz eta estimuz hartu gaituztelako. Zor diegu hori. Diskriminazio positiboa, beraz, edozertan gu baino ahulago diren edo dabiltzenei merezi duten maila edo ohorea eskuratu dezaten arte.

Bereizketa hori azken muturreraino, arestian aipatu eragozpenetatik harago indar politiko eta sozial guztiak indarrez eta herraz baztertu nahi dituzten ekimenei. Laguntza bereizia, guzti horiek ulertu ere egiten ez dutenen alboan, hemendik kanpo zentzu apur batez aztertu ondoren normaltzat jotzen duten iritzi edota eskubidaren alde bozketa bat -ez gerra bat- antolatzen dutenei. Ez dut beste modu batera ulertzen.

Milaka bolondres, bai boluntario hutsak, boterea edo agintza eskatu beharrean erabakitzeko deretxoa besterik eskatzen ez dutenek ez dute halako mexpresurik merezi. Dena den, emaitzak edota ondorioak zenbakiaz neur-tzen direnean haietara makurtzea besterik ez zaigu geratzen eta %100 bila joan eta %13 lortzen denean, horri porrota deitzen zaio. Edo, galdera, Zein da kalifikazio hori lortzeko zenbakia, %2?

Zeren %2,2 izan ezkero ere, beste eremu batzuetan, pozik egotekoa omen da. Galdetu iezaiozue bestela Maite Iturbe EITBko zuzendariari. Bere eskubidea da uste hori izatea baina bi galdera behintzat datozkit gogora: Zenbat bezero tokatzen zaio erakundeko ehunka langile bakoitzari? eta, Zein enpresak ipini behar dio publizitatea %2,2ko kateari?