Zirrikituetatik begira

Eliza gaixo

08.02.2020 | 21:12

San Pablok honakoa esan omen zuen: "Eliza gorputz bat da, eta, atal bat gaixo badu, gorputz osoa du gaixo".

Eliza gorputz bat denik inork ezin ukatu. Eskalatu eta zeharkatu ezin den harritzar erraldoia, gizaldi eta gizaldietan are eta boteretsuagoa eta zeharka ezinagoa bilakatutakoa. Uki ezinagoa. Zalantzan jarri gabea.

Elizak berak, erreakzioz bada ere, pederastia kasuak aztertzen dihardu. Gardentasunaren aldeko apustua egingo omen du. Pederastia delituak aztertu eta bistaratu egingo direla dihardute esaten?

Zergatik 30 urte ondoren, delituak preskribatuta daudenean, biktimek salaketak jar-tzen dituzten? Orduan ume zirenak, gaur, guraso bilakatu direlako? Garai hartako beldurra gaur egun askatasun bilakatu delako? Garai hartako isiltasuna gaur egun sala-tzeko eskubide bilakatu delako? Garai hartako eliza gaur egun zeharkagarria dela dakusagulako?

Elizaren gorputza, ordea, ez dago gaixorik pederastia kasuengatik bakarrik. Elizak aurreko mendeetan errentagarri bilakatu zaion botere sistemari eusten dio oraindik, herritarrengana zuzentzeko distantzia eta hitz berberak erabiltzen ditu, sinestunak ez du lekurik elizaren gorputzean, emakumeak are gutxiago, eta herritarrak, berak bizi dituen neke eta kezketatik oso urruti ez, urrutiegi sentitzen du eliza.

Jada, ezin du sinestunak elizaren menpe egon. Baizik eta elizak behar du sinestunaren menpe egon, haren zerbitzura. Eta ez dira hitzak, egiteak baizik sinestunak behar dituenak. Elizak, gaur, ezin du herritarren bizitzan eta kontzientzietan eragin. Gizartea jakituna baita. Beraz, lagundu egin dezake. Eta laguntzeko, aldamenean egon behar du, umil. Ez goian, ez urrun, handiki eta ez beti jakitun.

Elizak, atal bat gaixo badu, zergatik duen gaixo aztertu beharko du. Gaixotasuna noraino hedatu den eta zer nolako sakonera duen jakin. Zenbat biktima eragin dituen aitortu beharko. Eta, halako batean, erratua zegoela sinistu. Eta aldatu.