BIDAIARIEN Txokoa da Bilboko Udalak udaberriro prestatzen duen ekimen bat, beti ere mundu bazterretan egiten diren bidaia ederrak kaletarroi hurbilarazteko xedez. Duela egun batzuk amaitutzat eman zuten apiril honetan, eta hainbat egunez, gure globoa ipar eta hego kurritu duten bidaiarien esperientziak bildu dituen ekimena. Aurten hurbiletik jarraitu dut ekimena, eta lau egunetan munduarekin kezkaturik edota mundu hobe bat lortzeko ahaleginetan dagoen jende interesgarria ezagutu dut.

Batzuek bizikletaz, autostopez, furgonetan edota kotxez eginiko bidaiak kontatzen dituzte, baina horietarik batzuek beste helburu bat gehitzen diote egitasmoari. Hortaz, helburu bikoitza da; bidaiatzea eta bizitzea, baina era berean, ikusitako eta bisitatutako tokietan zerbait uztea.

Adibidez, David Fernandezek eta Amaia Magureguik Asian eta Ozeanian zehar egindako bidaia kontatu zuten. Bikoteak itzulerako billeterik gabeko bidaiari ekin zioten. Helburua honakoa zen: eskola eredu berria sortzen laguntzea. Eta horretarako hezkuntza egitasmo iradokitzaileen bila abiatu ziren Filipinetatik, Indonesiatik, Australiatik, Zeelanda Berritik, Indiatik eta Nepaletik, bertako eskola interesgarrienak bistatuz. Supergirl edo Superman topatzen ari dira, hezkuntzak mundua aldatuko duten pertsonak sortzen baititu. Orain, une honetan, Europan ari dira bidaiatzen, epe luzerako gainera: bi urtez.

Beste bidaia harrigarri bat (zer pentsatu eman zuena) Isabel Seguraren eta Carmelo Lopezen eskutik etorri zen. Duela hiru urte, bikoteak bizikleta hartu eta euren bizi-tza markatuko zuen bidaiari ekin zioten, Afrikatik. Baina kasu honetan beste helburu batekin: herrixkak bisitatzea eta bertan zine-pelikulak ematea.

Imajinazioak hauspotuta, eta pedalen eraginez sorturiko energiaz funtzionatzen zuen zine ekipo eramangarria gainean hartuta, 14 herrialde zeharkatu zituzten, doako zine emanaldiak eskainiz. Emaitza 25 hilabete, 18.000 km eta irribarrez eta harriduraz beteriko 217 emanaldi. África en cinecicleta dokumental ikusgarria sortu zuten.

Esperientzia hauek zerbait mugiarazten dizute barruan.