Zirrikituetatik begira

Mintzatu

17.12.2019 | 16:47
columnista juanra madariaga

GAUR duzu aukera. Orain... beno, gosaldu ostean, mingaina behin berotuta duzunean. Eta adi, aukera sortzen denean ezin da galdu! Gaur zeure euskaltzaletasuna erakutsi ahal duzu eta beste askorekin partekatu, euskaraz mintzatuz. Horixe, hain errez eta hain garrantzitsu. Euskara mingaineratu ahal duzu, puntaren puntara ekarri eta ahotik askatu, nahi duzun moduan, baina harrotasunez. Berdin da ikasten ari bazara, edota euskaltzale amorratua baldin bazara. Euskara da erreminta gaur, eta horixe erakutsi behar da, ezagupen hori ez duten beste askok, euskara ez jakiteagatik, gauza handia galtzen ari direla senti dezaten, sasi-komunikazioa egiten ari direla, euskaldunekiko komunikazioan inkomunikaturik daudela.

Jakin badakizue zer den aipatzen ari naizen hori, ezta? Berbagunea. Bilboko Udalak, Foru Aldundiak eta Bilboko euskaltegien sareak dagoeneko zortzi urtez bultzatzen duten Berbagune ekimena. Gaur da Azkuna Zentroko atarian, goizeko 09:30etik 19:30era.

Bilboko hiztunak euren egunerokoan euskararen erabilera susta-tzeko aurtengo egitasmoa lelo ederrez hornitu dute: Denon artean euskara eraiki. Horixe baita helburua, denon ahozko bultzadaren bidez euskarak aurrera egin dezan, hemen eta Euskal Herriko edozein txokotan, gero eta gehiago baikara euskaraz bizi nahi dugunok. Bilboko bizilagunen ia erdiak euskara ulertu eta erabiltzeko gai da, baina kaleko giroan ez da hainbeste erabiltzen. Arazo horri buelta emateko eta geure hizkuntza bide hobean jartzeko, abagune paregabea izango dugu gaur.

Euskaraz hainbat gai jorratuko dira mahaietan jesarriko diren euskaltzaleen eskutik, eta presen-tzia horren bidez, ikasten ari direnek konfiantza hartuko dute, dakitenek laguntza ederra eskainiko diete, eta aspaldiko euskaldun zaharrak datozen belaunaldi gazteen indarrez ohartuko dira, dena euskararen magiarekin zipriztindurik.

Aurten errekorra apurtu nahi dute antolatzaileek eta horretarako mila pertsona baino gehiago bertaratzea nahi dute. Diogun bezala, baldintza bakarra euskaraz aritzea eta berba egiteko gogoa izatea. Zeu horrelakoxea zara? Bada, denbora galtzen ari zara.