hedoi Etxartek azaroaren 23an Berrian argitaratutako Clara Schumann gogoan artikuluak eman dit hizpide gaurkorako. Egun batzuk lehenago, Alex de la Iglesia-ren Perfectos desconocidos filma ikusi berri nuen. Bikote bizitzaz dihardu filmak. Bikotekidearentzako eta lagunentzako ezagunak ez diren sexu harremanez. Bikoteen eta hirugarrenen arteko endreduez. Elkarrizketetako batean, aktore batek zera dio: bikoteak irauteko formula bakarra, bikotekideetako batek men egitea dela, kontra ez egitea, “bestea” eramaten jakitea, ”bestea” eroso eta handi sentiaraztea.

Hitzok testuingurutik aterata daude, noski. Baina entzun nituenean, neure buruari galdetu nion zein nolako irakurketa egiten ote dioten formula majiko horri gizonezkoek eta emakumezkoek. Ezberdina ez ote den.

Hedoi Etxartek, bere artikuluan, bikain azaltzen du nola Clara Josephine Weic (Schumann ezkontizenez) garaiko pianojole performanteenetakoa izan zela baina Robert Schumann konpositorearekin ezkondu zenean, pianoa jotzeko astirik gabe gelditu zela, gizonak, bere konposizio lanak egiteko, isiltasun betea behar izaten zuelako etxean. Gehienez ere bi ordu jo-tzeko beta ateratzen omen zuen, Robert garagardoa edatera tabernara joaten zenean. Robertek, gainera, ba omen zekien Clararekin ez zuela ondo jokatzen. Baina hauxe bere desenkusa: Clarak bazekiela bera bere unerik onenean zegoela eta aprobetxatu beharra zeukala. Artistek, ezkontzen direnean eta elkar maite dutenean, hala behar dutela jokatu. Clarak, hala ere, 8 ume izateaz gain, 139 kontzertu eman zituen eta konposizio andana utzi zuen ondorengoen gozamenerako.

Izarrak ez dira sekula itzaltzen. Beren arnasgunea aurkitzeko bidea egiten dute, hala edo hola. Urak bere bidea bezala. Kontua da ze preziotan. Kontua da, bestela izanik, zenbat gehiago dizdiz egingo zuketen galdetzea.

Kontua da ondo ote dagoen galdetzea nork egin behar duen men “bien onerako” edo nork eman behar dion “beste artistari” dagokion espazioa, maitasunaren izenean.