1 Ez da dirudiena. Inor ez da begiz hain laburra, belarriz hain motza, buruz hain eskasa. Begi-bistakoa da guztia antzerki hutsa dela. Gidoia Barkosen eta Asironen artean baizik ezin izan dute idatzi. Polizia gaiztoa eta polizia ona. Gazteak beren oharkabean mugiarazi dituzten ez hain gazteak diru publikoekin ordainduta daude, noski, Gobernutik eta Udaletik erdibana, antzezlanaren paperak bezala. Geroa Bai ordenako hautesleei begira ari da noski. Horrexegatik hain irmo, horrexegatik hain prest, bizikidetzaren eta legearen alde indarra erabiltzeko (neurriz, betiere). Bilduk, berriz, desordenuari muzin egiten ez dioten boto-emaileendako dihardu. Horrexegatik hain malgu, horrexegatik hain prest, bizikidetzaren eta legearen alde guztiak pozik utziko dituen akordioa lortzeko. Gobernuak Rozalejo berreskuratuko du, gazteak bertze norabait joanen dira, eta bakea etorriko da berriz Nabarreriara.

2 Ez da dirudiena. Inor ez da begiz hain laburra, belarriz hain motza, buruz hain eskasa. Begi-bistakoa da guztia antzerki hutsa dela. Gidoia Esparzaren eta Beltranen artean baizik ezin izan dute idatzi. Polizia gaiztoa eta polizia are gaiztoagoa. Gazteak beren oharkabean mugiarazi dituzten ez hain gazteak auskalo zer dirurekin ordainduta dauden. UPNri eta PPri oraindik geldituko zitzaien zerbait agintean zeudenean metatutako guztitik. Ez dute paperarik erdibanatu behar, batera ari baitira kantari. Rozalejoko aferaren errudunak Barkos eta Asiron baizik ez dira, noski; lehendakaria, sobera epela izateagatik guztien ondasunen defentsan; alkatea, guztien ondasunen lapurreta baimentzeagatik. Afera hor zornatuko da, ez aitzin ez gibel. Beraiek datozenean, legea ezarriko da berriz Nabarrerian.

3D

Dirudien horixe da, hain zuzen ere.