ixente Serrano Izkok ez zuen bere burua guztiz seriotzat hartzen. Hartu izan balu, bere memoriak idatziko zituen, non kontu goxoak irauliko baitzituen berak lehen lerroan -edo bigarrenean- bizitako pasarte askotarikoen gainean. Dudarik ez dut, konparaziorako, ustekaberen bat eskainiko zigula 70eko hamarkadaren hasierako ETAz, Huarte enpresariaren bahiketaz edo Segoviako ihesaz aritzean. Susmoa dut, halaber, gaiztakeriak ez zitzaizkiola faltako Euskadiko Ezkerran eta Auzolanen egindako denborez. Eta baietz pertsonaia bat baino gehiago gorriarazi, hurrenez hurren Nafarroa Baiko eta Geroa Baiko kide gisa ikusi eta ikasitako istorioak orri batzuetara ekarriz gero. Ahantzi gabe irakaskuntzan, historiaren ikerketa eta zabalkundean eta kultur ekintzan egindako urte luzeek abiapuntua emanda eskainiko zizkigun lerro mamitsuak. Liburu iradokigarri zenbait utzi zizkigun, baina liburuetan aipatu ez zituenak eskertuko nizkioke orain. Diskretua izaki, gizona. Umila izaki, gizona. Lana ematen dit Bixente bere eginez harro imajinatzeak, motibo bat baino gehiago izan arren. Hautu politikoei bagagozkie, haren bizitzaren sigi-sagetan hari zuzen eta koherente batek lotzen ditu gaztetako militante armatu antifrankista, helduagoko ezkertiar abertzale heterodoxoa eta azken urteetako transbertzale nafar bakezalea. Egun hauetan, euskal hedabideren batean nabarmendu dute zer erakundetan ibili zen 25 urtetan, eta isildu, berriz, zer alderditako diputatua izan zen 67tan. Ezin ohartu, geroko ibilbideak eman ziela zen-tzua Bixenteren gaztetako balentriei. 72 urtetan joan zaigu, bat-batean, oraino bazuela zer egina, zer idatzia eta zer kontatua. Haren artikuluen eta haren liburuen falta nabarituko dugu. Haren irriño gaixtoaren eta haren isilune luzeen falta. Haren falta.