amalez, nonahi daude covid-19aren aurrean arduraz jokatzeko dei eta erregu guztiak hankapetik pasatzeko prest dauden gazteak eta ez hain gazteak. Helduak ere ez dira bazterretan falta, batzuetan bide-erakusle, agian bultzatzaile, eta batez ere beren kumeen portaeraren zuritzaile, irakasleari kargu hartzera joaten zaizkion guraso jasanezinen gisara. Altsasukoa ere ez da azken egunotan poliziaren esku-hartzea ekarri duen botila festa handi bakarra. Ez Nafarroan, ezta hegoalderago ere. Gisa berean, istilutan bukatu diren beste kale zurrut batzuen berri izan dugu aurtengo udan, Burundako hiriburukoa baino lehen. Hemerotekak arakatuz gero, antzeko gertakarien arrastoa aurkituko dugu Estatuko beste toki batzuetan: gazte tropa karrikan edaten, musukorik gabe eta haien arteko distantziarik gorde gabe, polizia agertu handik bidaltzeko asmotan eta€ talka. Oker eginen genuke, hala ere, asteburuan Altsasun gertatu denari garrantzia kenduko bagenio. Ostiralean ere izan zuten kalimotxoak bataiaturiko elkarretaratzea; indarkeriarik erabili gabe desegin zen. Auskalo zerk, auskalo nola piztu zen larunbat gaueko sua. Badirudi Altsasun txinparta aiseago zabaltzeko dela beste toki gehienetan baino. Bizi-bizirik dirau uniformedunen eta bertako bizilagun asko eta askoren arteko ezinikusiak. Ez doa apaltzera, azken urteetako gertaera guztien ondoren. Espainian ez da oraindik agintaririk jaio Guardia Zibilari Sakanako herri handienetik alde egiteko aginduko dionik; txapelokerrak maiteko dituen altsasuar gazterik ere, nekez. Politikariek beren lana egin lezakete giroa baretzeko, baina iduri du ahal dutenek ez dutela nahi eta nahi dutenek ezin dutela. Kondenaturik gaude Altsasutik horrelako albisteak aldian behin jasotzen segitzera? Ez ahal dute amore emanen Javier Ollo alkatea bezala korapiloa askatu nahian ari diren guztiek.